[Galeria eta bideoa] Hezegune bat, hezigune izateko
Pasaia-Lezo Lizeoaren komunitateak nahiz bi udalerrietako herritarrek urmaela sortzeko bideari ekin diote, auzolanean.
Pasaia-Lezo Lizeoak, bere hezkuntza esparrutik gaindi dagoen egitasmoa gauzatzeko bideari ekin dio: ikastolaren eraikin nagusian (Donibanekoan), urmaela sortzen ari dira Lizeoko ikasleak, irakasleak, gurasoak, eta herritarrak oro har. Elkarlanean, auzolanean. Mehatxupeko ekosistemak dira hezeguneak, horietako asko gizakiak suntsitu dituelako. “Horregatik, auzolanean egindako lanak erremedioa jarri nahi dio arazo horri, esaterako, anfibioek eta ur inguruneei lotutako bestelako bizidunek bizilekua berreskura dezaten”, esan dute Lizeotik.
Hala, hezkuntza helburua izango du hezeguneak, baina aldi berean herritar guztiei zabalik izango den natur baliabidea da. Asteburu honetan bultzada eman diete hezegune eta hezteko eremu izan nahi duen baliabideari. Ikus bi egunen kronika hemen. Ikastolako ikasleak, irakasleak, gurasoak eta pasaitar nahiz lezoarrak izan dira ekarpena egiten, aste batzuk barru bizi-bizirik izango den txokoari zentzua ematen.
Lizeoak Aranzadirekin eta Pasaiako Udalarekin elkarlanean martxan jarritako egitasmoa da urmaelarena. Urtarrilean hasi ziren lanekin: Aranzadiko herpetologia saileko kideekin batera aukeratu zuten non egin gunea, Gaztelutxo baserrirako errepidearen bazterrean hain zuzen ere. Aurrerago jarriko ditu Pasaiako Udalak ekosistemaren berri emateko panenak. “Urmaela ez da jaio besterik egin, eta pixkanaka-pixkanaka joango da hemendik aurrera eraldatzen, bizia hartzen”, zehaztu dute Lizeotik.
Ondokoak, urmaelaren sortze prozesuaren hainbat irudi dira. Gainera, asteburuko auzolanen gaineko bideoa ere ikus daiteke beherago. Bai argazkiak zein bideoa Pasaia-Lezo Lizeoak HITZAra bidalitakoak dira.