EH Bilduren alkategai izateko hautagaitza aurkeztu du Teo Alberrok
Afiliatuek otsailean berretsi beharko dute trintxerpetarraren hautagaitza, bilkideen mahai politikoak proposaturikoa.
Teo Alberro Bilbaok, 58 urteko trintxerpetarrak, datozen maiatzeko udal hauteskundeetan EH Bilduren Pasaiako alkategaia izateko hautagaitza aurkeztu zuen atzo Donibaneko Ubera liburutegian, horretarako babesa eman zioten pasaitarrez inguratuta.
Koalizio abertzalearen oinarriak otsailaren 2an, 3an eta 4an berretsi beharko du mahai politikoak egindako hautagaitza proposamena, bozketa bidez. Alderditik adierazi dute herri batzarretan jasotako proposamenen artean “nabarmendu” egin dela Alberrorena, eta horregatik aurkeztu duela hark bere burua.
EH Bilduren oinarriak hautagaitza berretsiko balu, datorren otsailaren 10ean, ostiralarekin, egingo luke alderdiak alkategaiaren aurkezpen formala eta jendaurrekoa, 19:00etan Trintxerpeko Alkateordetzan.
Hauek izan dira bermea eman dioten pertsonak [goiko argazkian ageri dira gehienak]: Junkal Mintegia Arregi, agintaldi honetan Pasaiako Udalean EH Bilduko bozeramailea, Ramontxo Illarregi Elberdin, Edurne Baztarrica Bilbao, Donibane Azkarate Badiola, Mari Luz Etxaniz Rojo, Jon Ander del Pozo Garcia, Ainhoa Calvo Maneiro, Mikel Garcia Peñil, Larraitz Illarregi Insausti, Jose Ignacio Murua Elizondo, Ane Etxeberria Arzak, Jon Ander Lopetegi Loyarte, Uxue Montalvo Goñi, Fran Berra Lemos, Amaia Muguruza Arregi, Imanol Anza Etxegoien, Lurdes Sistiaga Lujanbio eta Jone Larrea Ormazabal.