Kilometroak 23: eskertza, euskal kultura eta komunitatea
Aurtengo Kilometroak jaiak urtean zehar izango dituen mugarriak aurkeztu dituzte gaur Lekuonan, bertan ziren erakundeetako ordezkariak.
Kilometroak 23 jaiak, urriko lehen igandean egingo den jaiaren aurretik, ekitaldi ugari eta askotarikoak antolatu dituzte, urte osoan zehar izango den jaia izango baita. Egitarauko ekintzak aurkezteko agerraldia egin dute gaur Lekuonan. Euskal Herri osora begirakoak izango dira antolatutakoak, besteak beste, BERRIArekin elkarlanean arituko dira Euskaldunon Egunkariaren itxieraren 20.urtemuga oroitzeko, eta Euskaltzaindiarekin ere arituko dira euskara batuaren sustatzaileei goratzarre egiteko.
Aurkezpenean jaialdi osoan zehar lanean arituko diren erakundeetako ordezkariak elkartu dira, Orereta Ikastolako lehendakaria, Itziar Navarro; Euskal Herriko Ikastolen eta Kilometroak kultur elkartearen lehendakaria, Nekane Artola; Errenteria-Oreretako alkatea Aizpea Otaegi eta Gazteria eta Kirol zinegotzia, Maite Gartzia; Euskaldunon Egunkariaren izenean, Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga, Joxemari Sors eta Mikel Azkune; Seaskako zuzendaria, Hur Gorostiaga; Kontseiluen ordezkari, Paul Eskisabel eta Idurre Eskisabel; Iñaki Tolaretxipi eta Maddalen Dorronsoro, Landarbaso abesbatzako zuzendariak; Pello Leiñena, Musikastekren izenean; Urmugaren izenean, Felipe Uriarte eta beste hainbat elkartetako kideak.
Aurkezpenari hasiera emateko ikastolako bi ikaslek biolontxeloa jo dute eta beste batek bitartean manifestu bat irakurri du, jarraian, erakundeetako kideek hartu dute hitza. Itziar Navarrok hartu du lehenik hitza eta azaldu du egitaraua ez dela itxia izango: “Bizia izango da, eragileekin elkarlanean osatzen joango garena”. Ekimenak, ikastolak hautatu dituen hiru zutabetan egituratuko dituzte: eskertza, euskal kultura eta komunitatea. “Orereta ikastola 1963an sortu zen, aurten 60 urte beteko ditu, eta horregatik bide luze honetan lanean aritu direnei eskerrak eman nahi dizkiegu”. Bestetik, euskaratik eta euskaraz egingo dela dena azaldu du, euskal kultura erdigunean jartzeko asmotan. Azkenik, komunitatearen garrantzia ere azpimarratu du, Erriola, aurtengo leloa, errioaren magaleko faktoria dela azaldu du, uraren gorabeherek eta zubiek josten duten komunitatea.
Gainera, Navarrok nabarmendu du lortutako etekinak herriko eragileekin elkarlanean proiektu bat abian jartzeko, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako hainbat ikastolekin abian duten Zubiak Eraikiz egitasmoa sendotzeko, eta Orereta Ikastolako ikur den Añabitarte baserria eta inguruak biziberritzeko erabiliko direla.
Otsaila: Egunkariaren Itxieraren urtemuga
Mugarriz beteriko egitaraua izango da datozen hilabeteetan zehar osatuko dutena, eta lehen mugarria da Euskaldunon Egunkariaren itxieraren 20. urtemuga da, eta “haien lana goraipatzearren” aste osoko egitaraua antolatu dutela azaldu du Orereta Ikastolako lehendakariak. Martxelo Otamendik, BERRIAko zuzendariak, eskerrak eman ditu egitarauan urtemuga gehitzeagatik eta puntuz puntu azaldu ditu otsailaren 20tik 24ra egingo diren ekitaldiak. Astelehenean, 20an, Imanol Muruak idatzitako liburua aurkeztuko dute, Egunero egunkariaren bidea kontatzen duena. “Normalean egunkariak luze irauteko sortzen dira, baina Egunero ahalik eta azkarren amaitzeko asmoarekin sortu zen, Egunkaria itxi zigutenetik Berria ireki arte irauteko sortu zen”, azaldu du Otamendik. Asteko bigarren egunean, Orereta Ikastolako ikasleek Egunkariaren itxieraren inguruko egunkari bat sortu dute eta horiek BERRIA aleekin batera banatuko dira etxeetan zehar.
Hilaren 22an, Josu Martinezek egindako dokumentala, Paperezko Hegoak, proiektatuko da Errenteria-Oreretan, eta Otamendik azaldu du informazio askoko eta elkarrizketa sakon askoko dokumentala dela. Bestetik, ostegunean, herriko hiru txokotan, gaiaz ariko dira era artistikoan diziplina ezberdinetako artistak. Aste horrekin amaitzeko, ostiralean Jon Maiaren Kantu bat gara emanaldia izango da Lekuonan. “Badakit Maiak gaiarekin lotu nahi duela ikuskizuna, eta bera sorpresa kutxa bat da, beraz, ea zer ekarriko digun”, amaitu du BERRIAko zuzendariak.
Martxoa: Batasunaren bidea
Hurrengo hilabetean, martxoan, Euskaltzaindiarekin egingo du bat Kilometroak 23k. Nekane Artolak, Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak, lehenik eta behin eskerrak eman dizkie Orereta Ikastolari eta Errenteriako Udalari, hartu duten lanagatik. Artolak kilometroak definitu ditu jai partehartzailea, herriko eragileekin antolatutakoa, euskalduna, auzolan erraldoia eta Gipuzkoako zein Euskal Herriko gainontzeko ikastolekin egina dela esanez, eta gehitu du, konpromezua dela ezaugarri nagusi bat. “Horiek guztiak kontuan hartuta, Euskaltzaindiarekin elkarlanean batasunaren bidean giza kate bat antolatu dugu”.
Azaldu du ez dela erraza euskara batuak Euskal Herriari egin dion onura neurtzea, euskal hezkuntza baterako, komunikazio euskaldu bat izateko, eta beste hainbatetarako tresna garrantzitsua dela azpimarratu du. “Ezinbesteko pieza izan da euskaraz bizi ahal izateko, eta gainera, hezkuntzak ere hizkuntzari lagundu dio, beraz, horretan lanean aritu zirenei gorazarrea egitea beharrezkotzat dugu”. Horretarako, martxoaren 24ean, Errenteriako zumardiatik Donostiara 8.000 pertsonako gizakate erraldoia osatuko dute Euskal Herriko ikastola guztietako kideekin.
Askotariko ekitaldiak
Mugarri horiez gain, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte hurrengo hilabeteetan zehar. Maiatzaren 6ean herriko eta inguruko artistentzat plaza bat izango da 12 orduz, bertan, arte plastiko dramatiko zein musikoei tokia emango zaie. Egun batzuk beranduago, maiatzaren 19an eta 20an Adaxka Berriak ikuskizuna taularatuko dute. Lehen emanaldia Hendaian izango da eta bigarrena Errenteria-Oreretan. Ikuskizuna propio Kilometroak 23k ekoiztutakoa da eta Musikasteren egitarauaren barruan aurkeztuko da. Landarbaso Abesbatzak eta Euskal Kultur Erakundeak batera ondu dute eta Orereta Ikastolako, Hendaiako eta Ziburuko ikastoletako ikasleek hartuko dute parte. Ikasleez gain, Ainhoa Larrañaga eta Thierry Biscary kantariek ere hartuko dute parte. Gainera, hilabete berean aurkeztuko dute Kilometroak 23ko mezua, leloa eta baita abestia bere bideokliparekin ere.
Azkenik, urriaren 1a heldu baino lehen, uztailean Urmuga proposamenaren barruan kontzertu bat izango da. Ur Muga festibalak Euskal Herriko txokoetan kontzertuak antolatzen ditu eta Kilometroekin bat egin du uztailean bat Errenterian antolatzeko, hala ere, oraindik data eta tokia erabakitzeke daude.
Erronka berria Guiness Liburura
Amaitzeko, Itziar Navarrok hartu du berriro hitza eta argitu du horrela egin nahi dutela lan Kilometroetako eredu berrian, elkarlanean. “Bakoitzak bere aletxoa jarriz egingo dugu aurrera”, esan du, eta pentsamendu horrekin bat eginez, erronka bat ere jarri dutela azaldu du: “Baietz euroko txanponekin kilometro bat osatu”. Urtean zehar txanponak biltzen joango dira eta urriaren 1ean ikusiko dute ea gai izango diren “Euskararen errioa” errekorra betetzeko eta Guiness Liburuan sartzeko.