KirolTxartela Mugiment sarean sartuko da Errenteria hilaren 6an
Gipuzkoako, Bizkaiako, eta Arabako 72 udalerri baino gehiagotako 135 kirol-instalazioetan sartzeko aukera emango du txartel birtualak.
Errenteria-Orereta hilaren 6tik aurrera KirolTxartela Mugiment ekimera batuko da, beraz, herriko udal kirol-instalazioetako bazkideek 72 udalerritako 135 instalazio baino gehiagotara sartu ahal izango dute. Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Maite Gartzia Gazteria eta Kirol zinegotziak esan du oso pozik daudela ekimenera batzeagatik: “Onurak besterik ez ditu bazkideentzat eta pozgarria da benetan”. KirolTxartela Mugiment sarea zabala da, duela gutxi batu da Oiartzun ere, eta Errenteriarekin batera Donostia ere batuko da, hortaz, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 72 udalerri baino gehiago izango dira. “Zerbitzuaz eta inguruko herrietako kirol instalazioez gozatzeko aukera nabarmen areagotuko da”, azaldu du Gartziak.
Txartela birtuala izango da, eta erabili ahal izateko interneterako konexioa duen gailu mugikor bat eduki behar da. Bertan alta eman ahal izateko KirolTxartela Mugiment aplikazioa instalatu behar da, datu pertsonalak emanez izena eman, email helbidea eta NAN zenbakia, eta zein bakoitza abonatuta dagoen herria adierazi. Gero, sistemak informazioa egiaztatuko du eta baieztatzerakoan abisua iritsiko da. Izena emanda izatean, kirol instalazioetan sartzeko txartel birtuala erakutsi behar da.
“Nahiz eta sare osoko instalazioetan sartzeko erabili daitekeen, kontuan izan behar da toki bakoitzean aukera ezberdinak eskaintzen direla”, esan du Gartziak. Kirol-instalazio bakoitzak eskaintza ezberdinak jarri ditu, bakoitzaren abonatuak kontuan hartuz eta horientzako kalteak ekiditen saiatuz. Horregatik, Errenteria-Oreretako eskaintza da: Galtzarabordako igerilekuan astelehenetik ostiralera, 12:00etatik 16:00etara eta Fanderiako igerilekuan astelehenetik ostiralera, 12:00etatik 16:00etara neguko denboraldian bakarrik. Zinegotziak azaldu du, oraingoz eskaintza hori bakarrik izango dutela kanpotik datozenek, beste tarteetan beteta egoten baitira instalazioak.
KirolTxartela non erabili jakiteko kiroltxartela.eus webgunean kontsultatu daiteke, baita sarearen aplikazioan ere.
Tasak eguneratzea
Sarean sartzearekin batera, Udalak tasak eguneratuko ditu. Igerilekuko abonamenduaren erabiltzaileek 0,77 euro gehiago ordaindu beharko dituzte, eta abonu orokorra dutenek 1,4 euro gehiago. Hala ere, aurten udal zerbitzu batzuetan aplikatzen ari den sistema aplikatuko da kirol-instalazioetan ere, eta beraz, tarifek hobariak izango dituzte abonatutako pertsona edo familiaren diru sarreren arabera.