Pazos: "Udalean urratsak egin beharko genituzke euskalduntzeko"
Euskararen II. Plan Estrategikoa aho batez onartu zuen udalak atzoko plenoan. Hausnarketa egin dute EH Bildu eta EAJ-k neurriaren gainean.
Pasaiako udalbatzak aho batez onartu zuen atzo arratsaldeko udalbatzarrean Euskararen II. Plan Estrategikoa. Plenoan hitza hartu zuen bakarra Iraitz Pazos zinegotzia izan zen, baina gerora hausnarketa kaleratu du alderdi jeltzaleak ere.
Bilkideen izenean aintzatetsi zuen Pazosek euskara teknikariek bigarren plana aurrera ateratzeko egin duten “lan handia”, bai eta Pasaiako eragileek erakutsi duten inplikazioa. Hori esanda, hausnarketara deitu zituen mahaikideak: “Planean zenbait neurri eta lan-ido jasotzen dira, eta mahai honen inguruan esertzen garenok hausnartu beharko genuke, erreferente gisa, eta urratsak egin beharko genituzke euskalduntzearen alorrean”.
EAJk gaur kaleratu du irakurketa, eta “berri pozgarria” dela ziurtatu du Nahikari Otermin Euskara zinegotziak. Horrekin, plana osatzeko lanean jardun duten guztiak zoriondu eta eskerrak eman dizkie, “egindako lan handiagatik”. Oterminek aipamen berezia egin du haur eta nerabeen inplikazioari buruz, izan ere, lehen planean ez baitziren euren proposamenak jaso, eta oraingo honetan euren ezinegonak ezagutzeko ahalegin berezia egin baitu udalak.
Datozen urteotan Pasaian euskararen alde egiteko zortzi lan ildo finkatu dituzte:
- Aisia, kirol eta kultura euskaraz eskaintzea.
- Helduen euskalduntze-alfabetatzea.
- Hezkuntza formala.
- Familien identitate-aniztasuna kudeatu eta gazteen identitatea sendotzea.
- Lan-munduan euskara bermatzeko baliabideak txertatzea.
- Merkataritza euskalduna bultzatzea.
- Gazteekin elkarlanean arituko dira euskararen erabilera bultzatzeko eta udala eredu eta sustatzaile izan beharko da horretan.
- Lan-mahaiak: Batetik, herritarrak euskararen aldeko hizkuntza-ohiturak aktibatzeko lanean arituko dira, eta bestetik, Euskararen Aholku Batzordeak bokal gazteen ordezkaritza bermatuko du eta horretarako bideak landuko ditu.