Eresbilek euskal musikagileen lana ardatz duen liburu bat kaleratu berri du. Musikaste jaialdiaren 50 urteko edukiak eta zifrak bildu dituzte argitalpen honetan.

Eresbil Euskal Musikaren Artxiboak liburu berri bat kaleratu du, euskal musikagileen lana ardatz duena. Musikaste jaialdiaren 50 urteko edukiak eta zifrak bildu dituzte argitalpen honetan. Gaur aurkeztu dute liburua, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Eresbileko lehendakariak; Aizpea Otaegi alkateak; Arantza Arzamendi Andra Mari abesbatzako lehendakariak; Jon Bagues Erriondo Eresbileko zuzendari ohiak; eta Pello Leiñena Mendizabal Eresbileko egungo zuzendariak.
Jon Bagues eta Pello Leiñenak idatzi dute liburua elkarrekin. Bi kapitulu nagusitan banatu dute. Batetik, Koloreak izeneko atalean, jatorrian, idearioan, antolaketa eskemetan, konpositore nabarmenetan, generoetan, interpreteetan, lekuetan, kritikan, publikoan eta hedapenean sakondu dute. Bestetik, Zifrak izeneko kapituluan Musikasteren garapenaren hurbilketa estatistiko bat egin du bikoteak, mendeen, probintzien eta musika genero nabarmenen arabera interpretatutako konpositoreen errepasoa eginez. Orotara, 539 konpositore, 758 koru obra, 160 banda, 175 txistu obra, 369 ganbera obra, antzinako musikako 403 obra, 218 lied obra eta 212 sinfoniko koral bildu dituzte. Atal grafiko bat ere badu liburuak.
Ideia, oroitzapen eta bizipenez jositako argitalpena dela esan dute gaurkoan. Honen bidez “urte guzti hauetan bidelagun izan ditugun pertsonei eta erakundeei merezitako aitortza eman nahi” izan dietela esan du Zupiriak. Lehen edizioaz aritu dira, orduko hainbat anekdota gogoratu dituzte ordezkariek. Planteamendu ezberdina zuen jaialdi bat abiatu zutela esan dute, “erabat berritzailea zena”.
“Argitalpenak Musikasteren izaera ekletikoa eta kaleidoskopikoa erakusten du, hainbat genero eta forma musikalen bateratzearekin, gure historia musikalaren isla fidela”, gaineratu dute gaurkoan.
Hemendik aurrera etorkizunari “ilusio eta esperantzaz” begiratuko diotela erantsi dute. “Musikasteren izatearen funtsa bidea da, euskal musikaren ekosistema berriaren lekuko, lehengo edizio hartatik asko garatu dena”, esanez bukatu dute gaurkoa.
Liburua Eresbilen bertan eskuratu ahal izango da. Bestela, online bidez ere irakurtzeko aukera izango da aurki.