Nafarroa etorbideko aparkalekuak, gutxi barru erabilgarri
Astebetean-edo inguruan zeuden 40 aparkaleku plazak berreskuratuko direla jakinarazi du udalak. Lartzabalgo autobus geltokia ere zabalduko dute.
Datozen egunetan Nafarroa etorbideko (Gabierrota eta Lartzabal artean) 40 aparkalekuak eta Lartzabalgo autobus geltokia (Donostiarako noranzkoan dagoena) ohikora itzuliko direla jakinarazi du Errenteriako Udalak. Hala eskatu dio Adifi. Izan ere, Astigarraga-Irun trenbidea egokitzeko lanetan izan dira azken hilabeteetan, eta horregatik errepidearen bidea aldatu, eta hainbat aparkaleku plaza kendu eta geltokia itxi behar izan zituzten.
Berreskuratuko diren aparkaleku plazak, osotara, 40 izango dira. Autobus geltokian, berriz, aurretik geldialdia zuten autobus den-denek jasoko edo utziko dituzte bidaiariak. Udalaren arabera, astebete barru-edo izango dira erabiltzeko moduan bai geltokia zein aparkalekuak.
Horri lotuta, Fanderiako tenis pistak gauerako aparkaleku bezala egokitu zituen udalak, lanek eragindako eragozpenak arintzeko. Bada, 50 plazako aparkaleku hori zabalik mantenduko dela zehaztu du udal erakundeak, 21:00etatik 09:00etara.