Auzokonpostaren urteko bilera, hilaren 14an
2022ko emaitzen berri emango dute 18:30ean hasiko den batzarrean. Auzokonposta lehiaketaren irabazleei sariak emango dizkiete.
Lezoko bost auzokonposta guneetako erabiltzaileak, hilaren 14an egitekoa den urteroko auzokonpostaren bilerara ager daitezela deitu dituzte. 18:30ean da batzarra Kultura Aretoan, Lezoko Udalak antolatua.
Auzokonpostean 2022ak eman dituenen berri emango dute bertan, tartean, lehiaketaren irabazleena. Izan ere, konpostajea sustatzeko lehiaketa jarri zuten abian iaz, tenperatura onena eta egonkorrena zein kutxak zuen esleitzeko. Bada, hilaren 14ko bilkuran irabazleei sariak emango dizkiete, baita parte hartzaile guztiei ere.
Honakoak dira hiru irabazleak (behean, auzokonposta gune guztietan lehiaketara aurkeztu diren taldeak, euren emaitzekin):
- 1. Arretxene C taldea, 34,2 graduko tenperaturarekin.
- 2. Aralar C taldea, 30,6 graduko tenperaturarekin.
- 3. Andreone B taldea, 29,8 graduko tenperaturarekin.
Izan ere, 2022an adituek 11 bisita egin dituzte orotara Lezon dauden bost auzokonposta guneetara (Altamira, Andreone, Aralar, Arretxene eta Lopene). Horietatik bederatzi ohiko bisitak izan dira, erabiltzaileekin euren kezka eta ekarpenak partekatzeko balio izan dutenak. Beste biak tenperatura neurtzeko izan dira. Datu horiek guztiak hilaren 14ko batzarrean partekatuko dituzte.
Ingurumeneko zinegotzi Joxean Sanchezek adierazi du konpostajea modu komunitarioan edo etxean egitea ekintza ekologikoa dela, “hondakinen tratamenduan kostuak aurrezten ditu eta herritarren parte-hartzea sustatzen du; era horretan hondakinen kudeaketan eragile aktibo bihurtzen dira”.