Xoxolurrekin, elurretara
Hilaren 12rako elurretara irteera antolatu du Xoxolur Mendi Klubak. Ostegunera arte eman daiteke izena, Orki tabernan.
Hilaren 12rako (iganderako) antolatu du Lezoko Xoxolur Mendi Klubak hurrengo irteera. Ez da nolanahikoa izango, ordea. Elurretara joateko asmoa dute. Oraindik zehazteke dute nora joango diren, baina ziurra dena da elementu zuriarekin gozatzeko aukera emango dutela, eta hortaz, maldaren batean elurretan irristatzen aritzeko gailuak eramateko aukera izango dela aurreratu dute.
Izena emateko aukera zabalik da, ostegunera arte. Irteerara joateko Orki tabernara joan beharko dute interesdunek, osteguna delarik apuntatzeko azken eguna. Prezioak: helduena 10 euro; gaztena 8 euro; familia ugariena 36 euro.
Igandeko 08:30ean aterako dira Ijurkoko kioskoa zegoenetik. Behin mendira iritsita 2-3 orduko ibilaldia egingo dute, elurra bidelagun izango dutelarik. Ibilaldiaren ondoren arropaz aldatu, eta ibilaldiaren inguruko herri batera joango dira, hango pilotalekuan bazkaldu eta jolastera. 18:00k aldera iritsiko dira Lezora bueltan.
Beti bezala, bi motxila eramatea aholkatu dute. Lehenean ibilaldian behar direnak eraman behar dira (hamaiketakoa, ura, txamarra), eta bestean, autobusean geldituko dena, aldatzeko arropa eta bazkaria.