Jolanta Strikaiterekin elkarlanean ariko da Landarbaso Abesbatza
Bihartik igandera bitarte talde txikietan, talde handietan eta bakarka ariko dira lanean opera abeslari ospetsuarekin.
Jolanta Strikaite Letoniako opera abeslaria, ahots teknikako irakaslea eta bikoizketa aktoreak Landarbaso Abesbatzaren gonbidapena onartu du eta ostegunetik igandera Errenteria-Oreretan izango da. Asteburu osoan zehar arituko dira lanean, horrela ikasturtean abesbatzak dituen erronka garrantzitsuak prestatzeko aukera izango dute.
Strikaite Rigako Katedraleko eskolan hasi zen ikasketak egiten, eta Lituanian zein Holandan, goi mailako ikasketak jaso izan zituen irakasle handiekiin. Gaur egun, bakarlari moduan errezitalak ematen ditu eta opera nagusietan paper garrantzitsuak izaten ditu. 2016tik Letoniako abesbatza garrantzitsuenetako bat den Kamer abesbatzaren ahots teknikako irakaslea da, eta ordutik, sari ezberdin asko irabazi dituzte.
Landarbaso abesbatzako zuzendaria den Iñaki Tolaretxipik azaldu du urte asko daramatzala abesbatzak irakasle garrantzitsu ezberdinekin tailerrak egiten eta gogo handia zutela Strikaiterekin lan egiteko. Hala ere, esan du normalean ez dituela horrelako lanak egiten, Kamer abesbatzarekin bakarrik aritzen dela eta bi arrazoi nagusigatik datorrela: “Askotan eskatu izan diogu eta insistentziak eragin handia izan du, eta bestetik, berak badaki Landarbaso maila onean dabilela eta aurten Balira goazela Asia Grand Prixeko finalera, beraz, horrek ere lagundu digu”. Gainera, abeslariak lan egiten duen abesbatzako bi zuzendariak izan dira Errenteriako abesbatzarekin lehenago ere, eta horrek bultzadatxo bat ere eman diola esan du Tolaretxipik.
Maddalen Dorronsoro da Landarbasoko ahots teknikaria eta kontatu du Jolanta Strikaiteren pausuak jarraitu izan dituela 2018an harekin egon eta gero. “2019an Baliko Grand Prixa irabazi genuen, eta nik uste dut bultzada handia izan zela bere teknikak aplikatzea”, esan du Dorronsorok. Gehitu du, orain herrira etorri eta abesbatzako bakoitzarekin bakarka aritzea laguntza handia izango dela.
“Abesbatzako kideak oso pozik daude bere etorreragatik eta lana egiteko gogo handiz”, esan du Tolaretxipik. Ostegunetik igandera saio ezberdinak egingo dituzte harekin, sokaka, talde txikietan, talde handian eta bakarkako saioak izango dituzte besteak beste, abesbatzaren lokalean eta niessengo dantza gelan ere arituko dira.