Hogei ekitaldi Lezoko inauterietan
Hilaren 16tik 21era artekoa izango da Lezoko inauterien aroa. Joxe Jabier Anuariz omenduko dute festaren hasieran.
Aurtengo inauteriak ez dira izango 2022koak edo 2021ekoak bezalakoak. Nolabait esatearren, normalak izango dira. Izan ere, azken bi urteetan pandemiagatik ez dira osoki nahi bezala egin. Aurten bai, hogei ekitaldirekin gainera. Gainera, 2023koek zenbaki berezia dute gordeta, Trapujale lehenengoz herrira iritsi zela 35 urte beteko baitira. Horregatik, Trapujale Taldekoek protagonismo berezia izango dute inauteri aroan, bereziki Joxe Jabier Anuarizek: 2021eko azaroan hil zen Trapujale Taldeko kidea, eta haren senitartekoek jasoko dute hilaren 16ko Ostegunzurian aurtengo oroigarri berezia. “Ziriku bat joan da”, esan dute taldekideek.
Hilaren 16tik 21era izango dira Lezoko inauteriak. Gaur aurkeztu dute egitaraua Jesus Mari Martiarena alkateak eta Jon Legorburu Trapujale Taldeko kideak. Bost egun horietan pandemia aurreko inauterietako elementu gehienak kontuan hartu dituzte Lezoko Udalak eta herriko eragileek elkarlanean antolatutako ekitaldien zerrendan. Egitaraua hori oso-osorik ikusteko, klik egin hemen (PDF artxiboa jaitsiko da).
Ohikoa denez, Ostegunzuriarekin zabalduko dira herriko inauteriak, Lezo Herri Eskolako Trapujale Txikiarekin. 19:30ean jaitsiko da Trapujale Martizkone baserritik herrira, eta 20:00etan, plazan, Joxe Jabier Anuariz omentzeko ekitaldia egingo dute.
Hilaren 17an, Ostiralorin, goiza ikasleena izango da Lezo Herri Eskolako haurrek Bekoerrotan, eta Pasaia-Lezo Lizeokoek Gurutze Santuaren plazan euren ikuskizunak egingo dituztelako. 17:00eko Sorgin Dantzaren eta Zirikuen kalejiraren ondotik, 19:30ean Erronkariko dantzak ikuskizuna egingo dute Lezoko Dantzazaleek plazan. Geroago, karteladaren txanda (20:00).
Larunbatean bi ekitaldi handi. Jendetsuena Larunbatgorri Desfilea izango da, herriko ikastetxeen ekimenez antolatua, Txirbilla Aisia Taldearekin elkarlanean: prestatu dadila Lezo 17:00etan, handia izango baita kalejira. Handik aurrera, gazteen jarduerak aktibatuko dira: 18:00etatik, karro-poteoa, mozorro festaren aurkezpena, mozorro afaria eta ondorengo musika saioa haienak izango dira, Piztu Lezoren ardurapekoak azken horiek denak.
Igandeubelen, Murixka Dantza Taldekoek kalejira eta ondoren emanaldia egingo dituzte 11:15ean hasita. Astelehenarren (hilak 20), Lezoko Eztandak taldekoen desfileak hartuko ditu kaleak (17:00).
Bukatzeko, Asteartebeltz, epaiketen eguna: 15:15ean da Trapujaleren Herri Eskolako epaiketa, eta 19:00etan handia Gurutze Santuaren plazan.
Jesus Mari Martiarena Lezoko alkateak pozarren iragarri du “betiko inauteriak” herrira bueltan direla. “Pandemia aurreko inauterien egitaraua antolatzeko aukera izango dugunez, oso pozik gaude. Festa giroan egoteko aukera bikaina da”.
Jon Legorburuk ere baikor hauteman ditu Lezoko inauteriak: “35 urte betetzen dituzte aurten Lezoko inauteriek eta oso bereziak izango dira”. Legorburuk Joxe Jabier Anuariz oroitarazteko ekitaldia nabarmendu du, hilaren 16koa: “Aurtengo oroigarria Joe Jabier Anuarizeri emango diogu. Guk esaten dugun bezala, Ziriku bat joan da. Ziriku bezala irten izan da eta laguntza eskaini digu beti. Bukatzeko, Trapujaleri bultzada handiago bat eman nahi diogunez, jendea gure taldera etortzera animatu nahi dugu, gehiago bagina, Trapujalek indar handiagoa izango lukeelako”.
Hemen klik eginda, Jon Legorbururi udalak egindako elkarrizketaren audioa entzuteko aukera.