Gaur, Oarsoaldeko futbol derbi handia Fanderian
Touringek eta Pasaiak hiru puntuak behar dituzte, sailkapen nagusian dauden egoera zailetik ateratzen hasteko.
Premiaz betetako futbol derbia jokatuko dute gaur Touringen eta Pasaiaren gizonen talde nagusiek Fanderiako zelaian. Hirugarren Federazio Mailako azken postuetan dira bi taldeak, 17na punturekin berdinduta: 16 talde dira multzoan, eta sailkapen nagusian 14. da Touring, eta 15. Pasaia. Aurretik, 20na punturekin hiru talde dituzte Oarsoaldeko bi klubek. Batek garaipena lortzen badu mailari eusteko bidean aurrera urrats garrantzitsua emango du, eta galtzen duenaren egoera asko zailduko da. Berdinketa erdipurdikoa da bientzat.
Gaurko (larunbata) 16:30ean hasiko da partida. Bi taldeetako zale asko biltzea espero da. Etxeko taldeak, Touringek, deialdi berezia egin die zaleei zelaira hurbil daitezen, garrantzitsua izango baita gorritxoentzat errenteriarren babesa. Girotze aldera, bideoa egin du klubak. Behekoa da.
Hirugarren Federazio Mailako 20. jardunaldia da asteburukoa. Lehen itzulian, 0-2 irabazi zuen Touringek Pasaiaren zelaian.