HITZAkideek onura izango dute aurtengo errenta aitorpenean
OARSO BIDASOKO HITZA lehentasunezko jardueretan sartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, ondorioz HITZAkideek %30eko hobaria izango dute; ogasunak jakinarazpena igorriko dizue harpidedunei.
Aldundiak interes orokorreko xedeen esparruan lehentasunezkotzat jotzen diren jardueren zerrenda egiten du ekitaldi bakoitzeko, entitate onuradunak zein diren eta jarduera horiei zer beharkizun eta baldintza bete behar dituzten zehaztuta. 2022ko martxoaren 22ko 8/2022 Foru Dekretuan zehaztu zituen 2022rako lehentasunezko jarduerak.
Horiek horrela, OARSO BIDASOKO HITZAk lehentasunezko jarduera izendatzeko pausoak eman zituen eta horiek onartuak izan dira. Beraz, OARSO BIDASOKO HITZA lehentasunezko mezenasgo jardueretan sartu da.
Mezenasgoa
HITZAkide guztiek 2022. ekitaldian egindako ekarpenaren araberako onura fiskala jasoko dute errenta aitorpenean. 3/2004 Foru Arauan araututako lehentasunezko jarduerek %30ko kenkaria izango dutela zehazten du.
Hau da, HITZAkide izateagatik 50 euroko kuota edo 80 euroko kuota ordaindu bada, horren %30a itzuliko die foru ogasunak. Onura hori onartua izan dela dioen gutun bat jasoko dute etxean harpidedunek, jakinarazpena besterik ez da, adierazteko ogasunak zuzenean gurutzatu dituela datuak eta, beraz, HITZAkideek ez dute inongo izapiderik egin beharko.
Amaitzeko, baliteke daturen bat oker egotea. Horrela bada, OARSO BIDASOKO HITZAri jakinaraztea eskertuko genuke, datuak zuzendu ahal izateko.