Xorrola eta Taxibusa, markak hausten
2022an, 83.665 erabiltzailek baliatu dituzte Xorrolak eta Taxibusak eskaintzen dituzten zerbitzuak, 2021aren alderatuz hazkunde nabarmenarekin.
Oiartzungo Xorrola autobus publiko zerbitzuak eta Taxibusak markak hausten jarraitzen dute. Horiek iaz erabili zituztenen kopurua urtetik urtera gorantz doa: 2022an, orotara, 83.665 erabiltzaile izan zituzten mugikortasun eta garraio baliabide horiek. Oiartzungo Udalak eman ditu datuak, bi zerbitzuen 2022ko balantzea egiteko.
Datu zehatzagoak ere eman ditu udalak. Xorrolak 78.865 bidaiari jaso zituen iaz, eta 4.800 Taxibusak. Hala, erabiltzaileen %5eko hazkundea izan dute bi zerbitzuek 2021. urtearekin alderatuta. Ia bidaiari denek (%93) Mugi txartela erabili zuten ordainketa egiteko.
“Oiartzuarren artean, beraz, gero eta errotuago daude herri barruan modu jasangarrian mugitzeko bi zerbitzu hauek”, esan dute udaletik. Udalak, urtero, 342.000 euroko inbertsioa egiten du bi zerbitzuek aurrera egin dezaten.