Batura Zikloaren barruan, emanaldi lirikoa ostiralean
Maider Ronquete sopranoak, Franco Cavalleri pianistak, eta Noelia Ibañez mezzosopranoak Fatima Andra Mariaren elizan eskainiko dute emanaldi lirikoa, 19:30ean hasita.
Batura Zikloaren barruan kontzertua izango da ostiralean Fatima Andra Mariaren elizan 19:30ean hasita. Gaur goizean eman dituzte kontzertu horren xehetasunak Josu Okinena Batura zikloaren zuzendari artistikoa eta pianistak, Maider Ronquete sopranoak, eta Franco Cavalleri pianistak, Noski liburu dendan egin duten agerraldian. Ronquete eta Cavallerirekin batera Noelia Ibañez mezzosoprano gasteiztarra izango da oholtza gainean.
Ostiraleko kontzerturako hautatu duten errepertorioa Batura Zikloaren helburuekin bat datorrela azaldu du Okinenak, “OE Bulego Sortzailearen iniziatiba da Batura Zikloa, eta helburua euskal musika klasikoa, nazioarteko errepertorioarekin batera Euskal Herrian barrena zabaltzea du xede. Euskal Herriko musika klasikoa gorena da, eta hura sustatzeari ezinbesteko deritzogu”. Aurten, emakumea eta euskal musika izango ditu ardatz gainera, zuzendari artistikoak nabarmendu duenez.
Batura zikloak hirugarren aldia izango du honakoa, eta aurten 22 kontzertu programatu dituzte, “normalean ganbera taldeek osatzen dute, baina keinu bat egin nahi izan diogu errepertorio lirikoari, eta horregatik erabaki genuen aukeratzea Gipuzkoan zein Euskal Herrian punta puntan ari diren bi abeslari”. Aukeratutako abestien gainean ere mintzatu da Okinena. Julie Adrienne Karrikaburu konpositore eta musikologoa, Felix Lavilla, Aita Donostia eta Jesus Guridiren errepertoriora jo dute antolatzaileek emanaldi biribila josteko. Ez soilik beraienak, Bellini, Donizzetti, Tosti, Poulenc, Rosini eta Offenbachen doinuak ere entzungo dira ostiraleko saio horretan Ronquete eta Ibañezen ahotsetan, Cavalleriren pianoak lagunduta.
Egile horietako batzuen gainean mintzatu da agerraldian Okinena, “Karrikaburuk egin zuen lehenengo kantutegia euskaraz XIX. mendean, Aita Donostiak edo Azkuek egin aurretik”. Karrikabururen melodiak entzuteko aukera, “pribilegioa” izango dela nabarmendu du.
Euskal musika klasikoaren gaineko “ezagutza faltari” ere erreparatu dio zikloaren zuzendari artistikoak: “Benetako altxorrak ditugu, eta oso garrantzitsua da herritarrei ezagutaraztea. Musika guztion ondarea da, denontzako behar du, eta Maider (Ronquete), Franco (Cavalleri) eta Noelia (Ibañez) bitartekariak izango dira ostiralean komunikatzeko nolakoa den musika hori”.
Batura Zikloaren barruan aritzeko aukera ilusio handiz hartu dutela esan du Ronquetek bere aldetik, “gogo handiarekin hartu dugu aukera hau, euskal musika ezagutaraztea garrantzitsua da, altxor bat delako. Herrian bertan egitea, gainera, bereziagoa da, eta halako eliza handian, zer esanik ez. Pribilegioa da”.
Kontzerturako sarrerak online, Noski liburu dendan, 617 82 1778 telefono zenbakira deituta eros daitezke, baita emanaldiaren egunean bertan haren aurretik –azken aukera horretarako sarreraren kopuru zehatza eramateko eskatu dute—. Prezioa, 15 euro.