Laurogei minutuko gozatua euskaraz
Euskal Herri osoan ekoitzitako zazpi film laburrekin osatu dute Laburbiraren hogeigarren aldia.
Laburbirak euskarazko film laburrekin gozatzeko aukera eskainiko du hogeigarrenez. Euskarazko film laburren zirkuituak Euskal Herriko 32 herrietan egingo du geldialdia aurten, martxoaren 6an hasita, tartean Errenteria-Oreretan.
Martxoaren 16an izango da emanaldia, laurogei minutu ingurukoa, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunearen egoitzan, 18:00etan hasita. Sarrera librea izango da.
Aurtengo zirkuitua osatzeko 28 lan aurkeztu dituzte, eta horietatik zazpi aukeratu, lurraldetasuna, genero berdintasuna eta filmen kalitateari erreparatuta antolatzaileek azaldu dutenez.
Olatuen isiltasuna (Maria Bartolome, Erik Campos eta Fernando Martin), Muskil (Marina Perosanz), Koadro Goriari Heldu (Iulen Arana), Irrits (Maider Oleaga), Asko falta da? (Ane Cuesta), Erlojupekoa (Leire Egaña) eta Hitzak (Josu Martinez) dira zirkuitua osatzen duten film laburrak.