Agustinetako industria sortzaileen poloa, hurbilago
Udarako obra amaituta egotea da aurreikuspena, ondoren, udazkenean, hornitzeko. 2024. urtearen hasieran ekipamendua martxan eta bizirik egotea espero dutela gaineratu du Otaegik.
Bide zuzenetik eta aurreikusitako epeak beteta ari dira aurrera egiten Agustinetako industria sortzaileen poloa hartuko duen eraikinaren lanak. Hala baieztatu dute Aizpea Otaegi alkateak eta Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak gaur eguerdian eraikinera egindako bisitan. Udal ordezkariekin batera izan dira bisita-agerraldian Cela Lana udal arkitektoa, eta proiektua idatzi duten enpresako arkitektoak.
Agustinak proiektua, lanbide sortzaileen eta kultur esparruko enpresa proiektuentzako inkubagailu eta azeleragailua izan nahi duen espazioa, Agintaldi Planean jasota zegoen eta garatzen ari diren proiektua dela gogorarazi du Otaegik, “gaur egungo Torrekuan bilatu behar dugu honen jatorria, bertan jarri genuelako martxan, 2015ean, lanbide sortzaileen eta artisautzari lotutako enpresa proiektuen haztegia”. Hala ere, Agustinak proiektuarekin “urrats kualitatiboa” egin dutela nabarmendu du, “kultur eta sormen industrien esparruko ekipamendu bat sortuko dugu eta gainera, inkubagailuari azeleragailuaren kontzeptua txertatu diogu”.
Aurrekontua ere izan du hizpide alkateak eraikinera egindako bisitan. Obrak bi milioi pasako aurrekontua dauka eta horietatik milioi bat Eusko Jaurlaritzak Berpiztu funtsen bidez jarri du.
Udarako obra amaituta egotea da aurreikuspena, ondoren, udazkenean, hornitzeko. 2024. urtearen hasieran ekipamendua martxan eta bizirik egotea espero dutela gaineratu du Otaegik.
Agustinak proiektuaren beste alderdi bat ere ezinbestean nabarmendu du udal agintariak. Izan ere, industria sortzaileen poloak, bat egingo du bete-betean auzoarekin, auzotarren egunerokoan haientzako espazio berri zabala eskainiz: “Ekipamendu honek auzoari onura ekarriko dio. Badakizue eskola izan zela eta garai batean auzoari eta auzotarrei itxia zegoen lorategia zuen. Ekipamendu honek lorategiaren espazioa irekiko du auzotarrentzako eta bertan arituko diren profesionalen eta auzotarren elkargune bilakatuko da”. Ez lorategia bakarrik, plaza bat ere izango da, “sortzaileen eta bisitarien arteko topagune bat ekitaldiak antolatu eta programatzeko, sinergia berriak sortzeko helburuarekin”.
Kultur industriaren eremuko ekipamendu garrantzitsu bat herrira ekartzeaz gainera, proiektuak berak, Agustinak auzoari asko emango dion ziurtasun betea azaldu du Otaegik, amaitzeko.