Estatuko Portuetara jo du EH Bilduk motora Mugian txertatzeko
Koalizioak Pasaiako Portu Agintaritzaren ardura duen erakundera jo du barrutien arteko garraioan txartel bakarraren hobariak aplika daitezen.
EH Bilduk motora Mugi sisteman txertatzeko egiten ari diren balizko urratsei buruzko galderak erregistratu ditu Gorte Nagusietan. Zehazki, koalizio abertzaleak Estatuko Portuak erakundeari —horren menpe dago Pasaiako Portu Agintaritza— eskatu dio argitzeko zer egingo duen garraio horretan Mugiak dakartzan hobariak aplikatzeko.
“Arduragabekeria da zerbitzuko operadoreak txartel bakarraren sisteman parte hartzeari uko egin dioen honetan, PPAk, zerbitzu publiko honen emakidaren arduradunak, beste alde batera begiratzea eta ezer ez esatea”, salatu dute. Bilkideek uste dute Itxas Zerbi enpresak —kudeatzailea— ez lukeela erabaki behar administrazio publikoek aplikatu beharreko mugikortasun-politikaren inguruan, “bestela esanda, herritar guztiei eragiten diguten erabakien inguruan”.
Esan dutenez, Donibane eta San Pedro lotzen dituen garraioa oraindik txartel bakarraren sistemaren barne ez egoteak “atzerapen erabatekoa” suposatzen die egunero motora erabiltzen duten pertsonei, eta ondorioz, Gipuzkoan garraio publikoa erabiltzen duen edozein erabiltzailek baino gehiago ordaindu behar dute bidaia bakoitzean. Gainera, sistema horren bidez aplikatzen diren doako trasbordoak eta deskontuak ezin dituzte baliatu.