Kirolaren askotariko errealitatea lau haizetara
Zatoz! kirolaren munduan inklusioaren aldeko apustua egiten duen kanpaina aurkeztu du udalak gaur goizean. Helburua, pertsona guztiek kirola eskuragarri izatea.
Herritar ororen esku kirola jartzea, denek ezagutu ditzaten Errenteria-Oreretan kirolerako dituzten aukerak, eta kirolean ere inklusioaren aldeko apustua egitea. Horiek gaur goizean Errenteriako Udal ordezkariek udalerriko hainbat kirol elkarteetako kideek lagunduta aurkeztu duten Zatoz! kanpainaren helburua. Sentsibilizazio kanpaina da iniziatiba berria, “kirola denon aukera izan dadin”.
Iztieta-Ondartxon egin dute agerraldia, hamaika haur, gaztetxo eta gazte arraunari estu lotzen dizkion Hibaika Arraun Elkartearen egoitzaren aurrean, Jose Ramon Gurrutxaga Txokolo Kultura Aniztasuna, Giza Eskubideak eta Garapenerako Lankidetza zinegotziak, Maite Gartzia Kirol zinegotziak, Naroa Galdos Kultura Aniztasuna, Giza Eskubideak eta Garapenerako Lankidetza zinegotziak, Jesus Mari Erzibengoa, Kirol dinamitzaileak, Karmele Urruzuno Mendi, kanpainaren argazkilariak, eta kanpainan parte hartu duten kirol eragile zein kirolariek.
Kanpainaren barruan herriko hainbat eremuetan kirolarien argazkiak jarri dituztela azaldu du Galdosek: “Argazkien erakusketa honen bidez ikusarazi nahi da, estereotipoetatik urrun, kirola gozamenerako gune bat dela eta izan behar duela, denona den eskubidea eta aukera aldarrikatuz”. Pertsona orori, kirolean parte hartzeko dei egitearekin batera, kirola inklusiboa izango den mundu bat bilatzea eta ikustaraztea ere bada asmoa, “askotarikoa eta aberatsa den mundua, hain zuzen ere, Errenteriatik bertatik abiatuta”.
Horretarako, herriko kirolariak erreferente eta eredu gisa hartu dituzte irudi erakusketa osatzeko. Argazki horiek, Beraungo Mikel Odriozola futbol zelaian, Fanderiako futbol zelaian, Gabierrotako Bakearen aldeko parkeko futbol zelaian, Agustinetako pista, Fanderiako tenis kantxan, Galtzaraborda eta Fanderiako kiroldegietan, Koldo Mitxelena ikastetxean eta Ondartxon, Hibaika Arraun elkartearen kanpoaldean jarri dituzte. Bederatzi elkarteko 11 argazkik osatzen dute erakusketa.
Ez da kanpainaren barruan egindako iniziatiba bakarra, argazki erakusketarekin batera, kirol mundurako sarbidea errazteko, kirol mundurako sarbidea errazteko web orri bat sortu dute. kirolera sarbidea, herrian dauden kirol guneak, eta kirol elkarte federatuen berri emateko herritarrei.
Galdosek kirolerako gonbidapena egin die pertsona guztiei azkenik, “kirola denona eta denontzat delako. Ardatza elkarbizitzan oinarritutako eredua da, aniztasun mota guztiek parte hartu beharko lukete eta gizarte espazio guztietan”.
Zaintza udalerriaren DNAn txertaturik
Kirol zinegotziak ere hartu du hitza gaurko aurkezpenean eta udalerriaren DNAri egin dio erreferentzia Gartziak: “Zaintza DNA horretan txertatuta dago. Kirola, berdintasuna, integrazioa, gizarte kohesioa txertatuta dauden bezala”. Iniziatibaren bidez, herritarrak, gizartea zaindu nahi dutela zehaztu du, “zaindu pertsona guztiak, gabezia genuela ohartu ginen batzuk ez zekitelako, ez zutelako ezagutzen zein aukera zeuden udalerrian. Gizarte osasuntsua nahi dugu, pertsona guztienagana iritsita”.
Kultur Aniztasunaren izenean mintzatu da saileko arduraduna. Gurrutxagaren hitzetan, berak gidatzen duen saila transbertsala oso dela nabarmendu du, “arlo oro ukitzen du, ez bakarrik kirola. Alor gehienetan gure proiektuak dauzkagu, denak helburu berdinarekin, aniztasuna zentzu zabal batean bizitzeko”. Kirolarekin egin duten moduan, Udal Liburutegiarekin antzeko proiektua dutela azaldu du, “hizkuntza ezberdinak landuz, harrerarekin ardura dugulako herri gisa, eta datorrenari zein eskaintza duen azaldu behar diogu”.
Leloari erreparatu dio azkenik Gurrutxagak. “Errazenera jo dugu—esan du—aldian behin irten behar zaigulako zatoz hori, etorri zaitez, zu ere hemengoa zarelako, hau ere zurea delako”.
Eskerrak eman dizkiete azkenik udal ordezkariek bat egin duten kirol elkartetako ordezkari eta kirolariei, “zuek gabe, honek ez duelako zentzurik”.