[Bideoa eta galeria] Saioa Aizpurua, "mundu eri honi mingaina ateratzen dion emakumea"
Iñigo Legorburu Arregik bosgarren aldiz irabazi du XIII. Mariasun Landa Saria; azken honetan, Saioa Aizpurua Arribasi aitortza eginez.
Eguerdiko hamabiak jotzerako beteta zeuden Errenteria-Oreretako Emakumeen Etxeko eserleku guztiak. “Aurpegi ezagun aski, eta asko eta asko berriak”, gaurkoan Errenteriako Udaleko Berdintasun Sailak urtero antolatzen duen Mariasun Landa sariketara bertaratu direnak. Hala adierazi du Oihane Yustos aurkezleak lehen agurra egin dienean.
Hamahirugarrena izan da literatur lehiaketaren aurtengo edizioa. Hamahiru edizio herriko emakumeen historia anonimoak idatziz jaso eta aintzatesten. “Ez hain ezagunak baina egunero bertakoen alde lanean dauden emakumeak”, Yustosek, “gehienak bizilagunak, ahizpak, lagunak, amonak asko eta asko… Eta aurten, ezagutuko dugun historia emakume gazte batena da”. Barrez hartu du deskribapena Saioa Aizpurua Arribas protagonistak, eta harekin lehertu da barrez aretoa, “Tira, eskerrik asko!”, erantzun duenean.
Iñigo Legorburu Arregi izan da aurtengo Mariasun Landa Sariaren irabazlea, Aizpuruari buruz, hain zuzen, idatzi duen lanagatik; Saioa Aizpurua Arribas Irribarrearen mugalaria titulua jarri dio idatziari. Aurten sari bakarra banatu du Errenteriako udalak, Emakumezkoei Begirada atalean; Emakumezkoen Begirada saririk gabe gelditu da.
Hamahiru ediziotatik bost irabazi ditu Legorburuk, horien artean estreinakoa. Lehen edizio hartan Joxepa Antoni Aranberri Petriarena Xenpelar ehule eta bertsolariari buruz idatzi zuen, eta ordutik beste lautan izan da harena lanik onena. Lehiaketa hori “kuttunena, bereziena” zaiola aitortu du Legorburuk, eta antzemango da atxikimendu hori, akaso, haren lerroetan.
Hala baieztatu du aurkezleak: “Sentimenduak nabari dira istorio horietan, eta protagonistekiko gertutasuna”. Epaimahaikideek ere aintzatespen publikoa egin diote Legorbururen lanari: “Saria merezi duzu ez diozulako aitortza egin sufrimenduari. Zure idatziarekin feminismoa beste ikuspegi batekin landu duzu, eta ezaugarri positiboak, kasu honetan Saioaren irribarrearekin, lotu dituzu. Horregatik, saria, zuretzat”.
Idazleak labur-labur hartu du hitza: “Saioa, kontzientzia garbi eduki, hau eta gehiago merezi duzu-eta! Barkamena bertaratutakoei, Saioaren hitzetan izen asko atera zirelako; hemen zaudete horietako asko, baina lana motza denez ezin izan ditut denak sartu. Barkatu, beraz, eta eskerrik asko ere”.
Saioa Aizpurua Arribas
Eskuzabala, eta gehien behar dutenei bidea alaitzen saiatutakoa. Hala deskribatu dute Aizpurua gaur, Legorbururen idatzia oinarri. “Saioak besteei ematen diena oso atzetik dator, errepublika magikoa darama barnean, eta bertan bat egiten dute Maritxu Mozkor eta Maridomingik Saioa sortzeko”.
Herrian ikasitakoa atzerrian ikusitakoarekin elkartu eta nahasketa hartatik sortu zuen Algaraklown elkartea 2012an, “algaren konpainia algarak behar dituztenentzat”. Ordutik 15.000 haur eta 5.000 adinekorengana eraman du poza errenteriarrak, “algara saio indibidualizatuekin”. Honako hitzekin aurkeztu du idazleak artista haren lanean: “Mundu hits eta eri honi mingaina atera eta kalabazak ematen dizkion emakumea”.
Hitza hartzen azkena izan da Aizpurua: “Lehenengo, eskerrak Iñigori aukera eman didalako nire bizitzan egunero zareten eta zaudeten pertsonei, zuei, eskerrak emateko. Maite zaituztet, eta badakit zuek ere maite nauzuela; beraz, eskerrik asko”. Musika oinarri eta hitzik ahoskatu gabe adierazi die segidan esker ona eserlekuak bete dituztenei. Beheko bideoan ikus daiteke une hori.
Ekitaldiaren bukaeran, hark sortan jasoriko loreak senide, lagun eta gertukoen artean banatu ditu Aizpuruak.