Arrazakeriaren aurkako martxa Trintxerpetik abiatuko da igandean
SOS Arrazakeriaren XXVI. martxa Trintxerpetik abiatuko da, 'Hilmugak. Mugetako indarkeriaren aurka' lelopean.
SOS Arrazakeriak xenofobiaren eta arrazakeriaren kontrako XXVI. martxa deitu du datorren iganderako. Manifestazioa 11:30ean abiatuko da Trintxerpeko Azokatik, Hilmugak. Mugetako indarkeriaren aurka lelopean.
Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren kariaz (martxoak 21), aurten ere, Pasaiatik Donostiara egingo dute bidea manifestariek, elkarretaratzea izango delarik 13:00etan Alderdi Ederren.
Aldez aurretik eskerrak eman dizkie erakunde antolatzaileak bertaratuko diren eta egunero laguntza ematen dieten pertsonei. Batzera deitu dituzte bizilagunak: “Gipuzkoak argi eta garbi utz dezan ez dela isilik geratuko Europako barne eta kanpo mugetako giza eskubideen urraketen aurrean. Zure zain gaude!”.