Oiartzun ibai arroko hondakinak jaso dituzte
Fanderia zonaldeko ibaiaren alde bakarrean hogeita bi kilo hondakin jaso dituzte.
Libera proiektuaren barruan, Oiartzun ibaitik hondakinak atera zituzten, zehazki, arroetan pilatutakoak jaso zituzten. Mater Museoak sustatutako ekintza izan da, eta joan den larunbatean garbitu zuten ibaia. Sare sozialetan zabaldu dutenaren arabera, Fanderia zonaldeko ibaiaren alde bakarrean hogeita bi kilo hondakin atera zituzten ibaitik.
Garbitutako hondakinen artetik plastikoa jasotakoaren %61a izan zen, papera eta kartoia %8, landutako egurra %0,7, metala %8,9, beira %1,9, aparatu elektriko eta bateriak %2, higienearekin lotutako hondakinak %2,3, hondakin medikoak %1,3, eta bestelakoak %13,4.
Hondakinak gaika ere sailkatu dituzte. Hala zerrendaren lehen postuan plastikozko piezak kokatu dituzte, 122 jaso zituzten guztira. Plastikozko poltsak berriz, erosketakoak, janariarenak edota izoztutako jakienak, 91 izan ziren. Hirugarrenak zerrendan, zigarrokinak izan dira, 70 garbitu zituzten. Boligrafoak eta metxeroak (54), edari latak (25) edota elikagaien ontziak (35) atera zituzten Oiartzun ibaitik.