[Galeria] Etorkizuna bermatuko duten zume sendoak
Giza kate erraldoia egin dute gaur goizean Orereta Ikastolak, Ikastolak Herriari eta Euskaltzaindiak deituta hamarnaka eta hamarnaka lagunek.
Giza kate erraldoia egin dute gaur goizean Orereta Ikastolak, Ikastolak Herriari eta Euskaltzaindiak deituta hamarnaka eta hamarnaka lagunek. Erraldoia eta koloretsua. Kilometroak 2023 Jaialdiaren barruan urte osorako antolatu duten egitarau zabalaren barruko ekitaldia izan da gaurko giza kate hori. Errenteria-Orereta eta Donostia lotu dituzte, euskara batuari, haren akuilu izan zirenei eta baita haren transmisioa etengabea egin dutenei ere gorazarre egiteko.
Ekitaldi koloretsua, eskuz esku Euskara Batua goratzeko Euskal Herri osoko ikastoletako haurrek egin dutena. Haiekin batera, irakasle, guraso, baita aiton-amonak ere eta iniziatibarekin bat egin nahi izan duten herritarrak izan dira. Zortzi kilometro, 8.000 lagun, 16.000 esku… etorkizuna bermatzeko, transmisioa ziurtatzen jarraitzeko, zume sendoak izan badirela argi erakutsi dute.