[Erreportajea] Lobato Etxea hondamendi egoeran dagoela ebatzi du udalak
Bertan bizi direnek hilabeteko epea dute alegazioak aurkezteko. Herritarren babesa eskatu dute etxean bizi direnek: «Asko bagara, gure historia ezabatzea gehiago kostatuko zaie. Edozein unetan gauza dezakete hustea».
Lobato Etxean bizi direnek erresistentziarako deia egin dute. Izan ere, Altzate eremuaren berrantolaketari lotutako lanen ondorioz, azken 24 urteetan okupatua egon den eraikina eraiste arriskuan dago. Lezoko Udalak espazioa hondamendi egoeran dagoela erabaki du, eta horren kontrako helegitea aurkezteko hilabeteko epea dute han bizi direnek.
Lobatoko biztanleen helegitea ez balitz aintzat hartuko, berehala hustu beharko lukete etxea, eta ondorenean, eraisten hasiko lirateke. «Hilaren 20an, Lobato desalojatzeko epeetan sartu ginen. Horrek esan nahi du edozein unetan gauza dezaketela hustea. Espazioa manten dadin erresistentzia antolatu nahi dugu. Asko bagara, gure historia ezabatzea gehiago kostatuko zaie», esan dute sare sozialen bidez eraikinean bizi direnek. Aldi berean, bizi duten egoeraren berri emateko kartelak jarri dituzte kalean, eta joan den larunbatean irtenbideak eskatzeko lapiko-jotzea egin zuten udaletxearen aurrean. «Gure bila datozenean alerta mezua bidaliko dugu, jendea berehala ager dadin gu laguntzera eta kaleratzea galaraztera».
1922tik da zutik Lobato. Eskuila, erratz eta brotxa fabrika izan zen, eta bertako langileak emakumeak izan ziren batez ere. 1972an itxi zituen lantegiak ateak. XX. mendearen bukaeran okupatu zuten, eta ordutik sortzaile zein kolektibo askorentzako kabi bilakatu da. Hainbat kide bizi dira egun bertan.
Udalaren erabakia
Etxearen egoera zein den jakiteko Lezoko Udaleko Hirigintza Sailarekin hitz egin du Hitza-k. Bertatik adierazi dute Lobato dagoen lursailaren jabeek eraikinaren hondamendi egoera adierazi zutela proiektu batekin. «Guk, udal bezala, proiektu hori aztertu behar dugu. Udalak objektiboa izan behar du, eta bere azterketa propioa egin behar du ea hondamendi egoera benetakoa den jakiteko. Jabeak egin duen azterketa bat ezin dugu erabili eraikina hondamendi egoeran dagoela erabakitzeko», esan dute.
Udalak, Lobaton bizi eta Lezon erroldatuta dagoen pertsona bakarrari jakinarazi zion udal teknikariak hara joango zirela ikuskapen objektiboa egiteko. «Proposatutako egunetan ezin zuen pertsona horrek egon. Geroago joateko esan zigun. Hainbat atzerapen izan dira. Bitarte horretan, eta gaiaren urgentzia dela eta, udalaren arkitektoa eta aparejadorea Lobato ikuskatzera joan ziren». Ezin izan zuten barrualdean egon, bertako biztanlea ez zegoelako. «Ikusita kanpoko egoera oso kaskarra zela, barrutik okerrago egon zitekeela ondorioztatu genuen. Kanpoaldeko azterketarekin txostena egin zuten teknikoek. Eraikina, gainera, ordenaziotik kanpo dago: horren arabera, onartzen diren mantentze lanak murritzak dira; ezin dira eraberritze lan handiak egin, udal planeamenduan aurreikusia dagoelako hori bota, edo hor beste zerbait egitea». Estrukturalki gaizki dagoelako eta gainera ordenazioz kanpo, udal planari jarraiki, hondamendi deklarazioa legalki bete beharko dela erabaki du udalak. Jakinarazpen hori badute Lobaton bizi direnek. «Orain, administrazio prozedurak betetze aldera, haiek badituzte alegazio epe batzuk. Horien zain gaude orain».