[Galeria] Erronka beteta, Batasunaren Bidean aurrera
Batasunaren Bidean dinamika, helburua beteta amaitu berri dute. Goizeko giza kate jendetsu eta koloretsu arrakastatsuaren ondoren, ekitaldi instituzionalak eman dio amaiera.
Batasunaren Bidean dinamika, helburua beteta amaitu berri dute. Goizeko giza kate jendetsu eta koloretsu arrakastatsuaren ondoren, ekitaldi instituzionalak eman dio amaiera. Koldo Mitxelena, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Jose Maria Satrustegi, Julia Berrojalbiz, Xabier Kintana, Raimundo Olabide, Julene Azpeitia, Luis Villasante, Henrike Knörr, Arantxa Urretabizkaia, Arturo Campion, Gabriel Ares, Jean Luis Davant eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik merezitako omenaldia jaso dute. aitortza xume eta sentitua. Haiekin batera, euskara batuaren transmisio bermatu duten norbanako anonimoei omenaldia ere izan da gaurkoa.
Errenteriako Udaleko pleno aretoak hartu du ekitaldia. Udal Txistulari Taldeak zabaldu die arkupetatik aretorako bidea bertaratutakoei. Oihane Yustosek gidatu du ekitaldi instituzional hori.Hunkigarria izan dela eguna esan du aurkezleak giza kateak osatu duen argazki luze, jendetsuari esker. Eguerdian haur bati entzun dio haur bati esaten ‘erronka bete da’, eta baietsi egin du, “noski bete dela. Pentsa, 7.000 lagun eskutik helduta Errenteriatik Donostiara bidea egiten; ez da gauza txikia”. Euskal Herriko 50 ikastoletako ikasleek egin dute posible goizeko argazki eder hori.
Batasunaren bideak aurrera egitea dela helburu, eta egin dela gaineratu du. Gaurkoarekin baina, ez dela bide hori amaitu argi utzi du Yustosek.
Egunero euskararekin herriaren kolorea koloreztatzen dutenentzat omenaldia izan bada goizekoa, arratsaldekoa, euskararen lehen pausu horiek eman zituztenei gorazarrea izan dela azaldu du: “Hamabost pertsona aukeratu dira, beste askoz gehiago izan zitezkeen baina propio aukeratu dira, euskararen joskera egin dutelako, errotu dutelako, zabaldu dutelako. Sortu eta gauden une honetara iristeko ezinbestekoa izan da transmisioa eta hedatze horretan zutabeetako bat ikastolak izan dira. Orereta Ikastola da urrats horietan lan egin duen ikastoletako bat”.
Iraupena bermatzea ezinbesteko
Aizpea Otaegi alkateak ongietorria eman die udalerrira eta gaurko omenaldi horretara bildutakoei. Ohorea dela Errenteriatik, Mitxelenaren herritik Batasunaren Bidean ekimena sustatu izana esan du udal agintariak, “dakizuenez Mitxelenak esana da euskararen egiazko misterioa iraupena dela, eta ez jatorria, eta zalantzarik gabe, iraupena bermatzeko ahalegin horretan ezinbestekoa da hizkuntzaren batasuna. Bultzada kolektibo miresgarri baten ondorioa izan da, eta finean euskal hiztunon komunitatea osatzen dugunon batasuna esan nahi duena”.
Iraupena bermatzeko, ordea, ezinbesteko jo ditu batasun horren erakustaldiak, “gaurkoa bezalako hauspo herritarrak”. Memoria eta aitortza erdigunean jarri dira gaurko dinamikaren bidez haren ustetan, “euskara batuari gorazarre egin eta bere sustatzaileak omentzeko zazpi mila lagun batu eta zapiak eskuetan 8.000 metrotik gorako bidea josi izana. Josi dugu grina, maitasun eta konpromiso kolektiboz gaur arteko euskararen bidea, eta segi dezagun luzaroan txatalez txatal iraupenaren misterioa josten”.
Aitzindariak eta haien senitartekoei zorionak emanda amaitu du bere hitzartzea Otaegik.
Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakari ordearen txanda heldu da ondoren. Euskara batua sortu aurretik sortu zirela ikastolak esan du artolak, “euskarazko irakaskuntza sortu genuen, eta sortu berri ginela eman zigun euskara batuak hazteko, hezteko eta aurrera egiteko behar beharrezko oinarria”. Ordutik belaunaldi berriak hezi dituzte euskaraz, “euskara batuak dena eman zigun, baina euskara batuari ere asko eman diogu. Herritik gatoz eta herriarentzat dihardugu. Euskara batuaren bidegileetako batek esana da: batasuna ametsen erresumatik gure lurrera jaitsiko baldin bada, ikastolen laguntza nahitaezkoa dugu”.
Ikastolen jaiak, herritik jasotakoa herriari itzultzeko saioa dira Artolaren hitzetan, “sormenaren, kultur adierazpenaren bitartez edota gaur bezala Errenteria eta Donostia elkartzeko hurbildutako milaka ikasleen ekintzailetasunaren bidez”.
Ezagutza eta erabilera helburu
Euskara batua gaur egun errealitatea bada, askoz pertsona eta erakunde gehiagori esker izan dela ere baietsi du Ikastolen Elkarteko ordezkariak, asko eta asko anonimoak: “Horiei guztiei esker, larreko nahiz kaleko noranahikoa da euskara. Euskara batua herriak nahi izan duela esan dezakegu, herriak sortu duela, eta herriak egin duela bere erabileraren bidez”. Hamabost bidegileekin batera, beraz, hamaseigarren bat ere omendu dute gaurko ekitaldiaren bidez: Euskaldun guztiak, “euskaraz mintzatuz, irakurriz, ikasiz, lan eginez, abestuz… egunetik egunera euskara bizi berritzen dugulako. Euskara batuari esker gara, eta garelako dugu euskara batua”.
Ezagutza eta erabilera helburu jo ditu Artolak, “horiek ditugu amets”.
Andres Urrutia euskaltzainburuak hartu du hitza azkenik. Goizeko giza kateak jarraitutasuna eta transmisioa irudikatu nahi izan ditu Urrutiak azaldu duenaren arabera, “jarraitutasuna euskara batua hezurmamitzeko, askotariko pertsonek, elkartek eta erakundek urtetan egin dituzten ahaleginen segida irudikatzeko. Transmisioa, iraunarazteko, garatzeko eta biziberritzeko. Gure hizkuntza belaunez belaun transmiti dadin beharrezko duelako”.
Euskararen batasuna, herri borondatearen isla
Euskararen batasuna, herri borondatearen islaren emaitza dela iritzi dio euskaltzainburuak, “herri honek beti izan du sendoago edo apalago bizi irauteko grina eta gogoa. Guztion artean lortu dugu euskarari eustea eta bizitza modernorako prestatzea eta hamarkada gutxi batzuetan ehundu dugu, gainera, prozesu hori guztia; beste hizkuntza hegemoniko askok mendeak behar izan dituzte horretarako”.
Euskararen batasuna protagonista ugari izan duela baietsi du berak, aurretik Artolak eta Otaegik egin moduan, “ezagunak batzuk, beste batzuk ezezagunak, baina denen ekarpena ezinbestekoa”. Batasuna zerbait izan bada, herriak hezurmamitu duen langintza kolektiboa izan dela erantsi du, “batasuna herri honek auzolanean egin duen egitasmorik zabalena da, eraldatzaileena ere bada, gure euskara hau eguneratzeko eta hiztun kopurua hazteko zimentarri nagusia bilakatu delako”.
Ezagutza hazten ari dela eta horretan segitzera deitu du, jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa egitera euskararen erabilera emendatzeko bizitzaren arlo guztietan, lurralde guztietan “ezagutza hedatzearekin batera, erabilera delako euskara biziberritzeko heldulekurik sendoena eta beharrezkoena; erabiltzen ez dena kamusten, ahazten eta galtzen delako”.
Euskarak baduela oraina eta etorkizuna esanez amaitu du hitzartzea Urrutiak, “elkarrekin, auzolanean, gogotsu ihardunez gero”, Euskaltzaindia sortu zeneko esaldiarekin, “ekin eta jarrai”.
Oroigarria jaso du ondoren hamabost omenduen izenean Xabier Kintana euskaltzainak, baita Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren bilobak. Hamaseigarren bat ere aipatu dute, euskara posible egin duten herritar anonimo horiek guztiak. Azken horien izenean Helene Mendizabal Goñi Orereta Ikastolako ikasle ohiak jaso du oroigarria. hari ere eman diote hitza, eta ahotsa jarri die anonimoak diren horiei –albistearen amaieran irakur daitezke osorik bere hitzak–.
Ekitaldia amaitzeko Euskal Herrian euskaraz kanta jo eta abestu dute Ane Badiolak, Gema Ines eta Aitor Zozano Orereta Ikastolako irakasleek, pleno aretoan bildutakoek lagunduta.
Zerk egiten du herri bat?
Zerk egiten du batasun bat?
Zerk egiten du bide bat?
Nola egiten dira hizkuntzak?
Garena egiten duguna bada, egiten ari garena gara. Eta gu, euskaldunok, ez gara geldirik egotekoak. Egitekoak eta ekitekoak baizik. Bidea egitekoak. Bide bat egin nahi badugu, batera egin behar dugula badakigunak.
Euskara batua hori baita: herria egiten duen herri bat; batasuna egiten duen batuketa bat; bideak egiten duen hizkuntza bat eta hizkuntzak egiten duen bide bat.
Gaur omendu ditugun hamabost sustatzaileak dira euskara batua. Eta, euskara batua, gu guztiok gara: herritarrak, euskaldunak, ikastolak, euskara irakasleak, euskaltzainak, langileak. Batzen gaituena da euskara batua.
Bidea bide da. Bideak ez du etenik: beti doa aurrera. Honaino iritsi izana zor diogu ez une bati, ez egun bati, ez garai bati; etenik ez duen denbora jarraiari baizik. Gurea ezezik guretzat ere baden denborari.
Horregatik, Batasunaren Bidean, gaur ere, gazteak izan gara eragile. Gaurko gazteak, biharko bideak atzokoen lekukotzatik eraikitzen ari garenak.
Horrela egiten baitira hizkuntzak. Batera. Bidean batera. Badakigu nondik gatozen nora goazen ere badakigulako. Gorazarre bakarra, gorazarre gorena, hori besterik ez baita: batasunaren bidean jarraituko dugun ziurtasuna.
Milesker, eta zorionak Euskara Batua.