Ate irekien jardunaldia Uztargi eta Goialde haur eskoletan
Berrikuntza nagusia, 2023-2024 ikasturtean Haurreskolen Partzuergoko zerbitzua doakoa izango dela, hilero %80ko asistentzia dutenen kasuan.
Maider Sanchez Goialde Haur Eskolako koordinatzailea, Olatz Korta Uztargiko koordinatzailea eta Itziar Ostolaza Hezkuntza zinegotzia aurkezpenean. Urtero matrikulazio garaian egiten duten moduan, aurten ere, ate irekien jardunaldia egingo dute Uztargi eta Goizalde haur eskola publikoetan. Matrikulazio epea, apirilaren tik maiatzaren 9ra izango da zabalik, eta ate irekiak, berriz, asteazkenean (hilak 29) egingo dituzte. Helburua instalazioak eta bertako hezitzaile eta langileak ezagutzeko aukera ematea familiei.
Ate irekien jardunaldian parte hartzeko hitzordua eskatu beharko da bi kasuetan. Uztargin bisita eskatzeko 943 51 22 16 telefono zenbakira deitu behar dute; Goialden, berriz, 943 52 07 62 telefono zenbakira.
Izena emateko berriz, telematikoki egiteko aukera izango dute familiek apirilaren 24tik maiatzaren 16ra, edo presentzialki epe berean haur eskoletan, aldez aurretik hitzordua eskatuta.
Eusko Jaurlaritzak ezarritako ratioen arabera, 0-1 urteko gelan zortzi haur dituzte gehienez, eta 1-2 urtekoen gelan berriz, hamahiru. Uztargin zein Goialden bi hezitzaile daude etengabe haurrekin eta hezitzaile horiek dira haurrei jaten ematen dietenak, zein lorarazten dituztenak.
Goialde haur eskolan bi gela daude eta etxeko giroa, familiartekoa bermatzen dela azaldu du Itziar Ostolaza zinegotziak ate irekien jardunaldia aurkezteko egindako agerraldian. Halaber aparkatzeko arazorik ez da bertan. Uztargik bere aldetik, bost gela handi ditu eta belarguneak. Sukaldaria bertan dute eguneroko janaria prestatzeko haurrei, eta janari ekologikoa eskaintzen dute bertan. Bietan haur bakoitzaren mugimendu librea errespetatzen dute.
Haurreskolak Partzuergoko zerbitzua doakoa
Berrikuntza nagusia, aurten, Haurreskola Partzuergoko zerbitzua doakoa izango dela da. Horrekin lotuta, Goialden eta Uztargin matrikulatzen diren haurrek doakoa izango dute haur eskola, beti ere, gutxienez hilean %80ko asistentzia bermatzen dutenen kasuan.
Ordutegia, bietan bera, 08:00etatik 16:00etara.
Errenteriako Udalak 2022an eta 2023an jaiotako haurren familiei bidali die gutuna etxera, Uztargi zein Goialde haur eskolen eskaintza zuzenean ezagutu dezaten. Ostolazak zehaztu duenaren arabera, 430 gutun bidali dituzte guztira. Era berean, 0-2 adin tartean hezkuntza eskaintza zabala eta askotarikoa dagoela Errenteria-Oreretan, “aniztasun horrek ekosistema aberatsa eskaintzen du hezkuntzaren eremuan, familiaren eta haurraren beharretara ondoen egokituko den eskaintza hautatzeko aukera eskainiz”.
Ostolazak hautu hori herriko haur eskoletan egitera deitu zuen, eta D eredua lehenestera gonbidatu zituen familiak, haur eskolek jendartean duten funtzio hezitzaile eta soziala nabarmenduta, “zaintza garapen pertsonal eta sozialaren erdigunean jarriz”.
