"Ba al zenekien Antxoko elizako arkupeak eraitsi nahi dituztela?"
Hausnarketarako zenbait galdera botata, datorren asteazkenean izango den herri batzarrera gonbidatu ditu SOS Antxok barrutiko bizilagunak.
“Badakizu nola geratuko den Gure Zumardia topoa lurperatzeko lanak bukatzen direnean”, “Ba al zenekien Pasaiako Udalak eta Euskal Trenbide Sareak [ETS] elizako arkupeak eraisteko aukera aurreikusten dutela?”, “Eta zuk, zer deritzozu?”. Horiek SOS Antxo Koordinakundeak bizilagunei bota dizkien galderak, hurrengo herri batzarrera gonbidatzeko.
Bilkura informatiboa datorren asteazkenean egingo dute, iluntzeko 20:00etan, elizaren atzealdeko lokalean. Herritarren eskubideen aldeko plataformako kideek honakoak izango dituzte hizpide: ETSrekin eta udal gobernu batzordearekin izandako bileren berri ematea, eta Gure Zumardia eta eliza ondoko arkupea nola utzi nahi dituzten jendeari jakinaraztea.