[Elkarrizketa] «Iaz galdutako kategoria berreskuratzea lortu dugu»
Donibane Bonantza Gipuzkoako Lehen Mailan lehiatuko da, berriro, hurrengo denboraldian. Emakumeen taldea sortzeko eginahaletan ari dira.
Joan den larunbatean Zumaiako Pulpo taldearen kontra 30-25 irabaziriko partidak igoerarako txartel zuzena eman zion Donibane Bonantzari. Hala, iaz galduriko kategoria berreskuratu dute sanjuandarrek denboraldiko azken norgehiagokan, eta hurrengo sasoian Gipuzkoako Lehen Mailan arituko dira berriro.
Tentsio handiko partida izan zen asteburukoa, bi taldeek jokoan baitzuten igoerarako txartel bakarra. Irabazlea soilik igoko zen lehen mailara, eta galtzailea, berriz, beheko kategorian mantenduko zen. Zumaiarrek berdinketa lortze hutsa aski zuten igotzeko, baina zailagoa zen etxekoen lana, igotzeak soilik balio baitzien bigarren [Elgoibar garailearen atzetik] sailkatzeko.
Eta egin-egin zuten. Elgoibar eskubaloi taldea izan da Gipuzkoako Bigarren Mailako sailkapenean lehen gelditu dena (28 punturekin), eta bi puntu atzerago, berriz, Donibane Bonantza, ezinbesteko biko abantaila aterata Pulpori (26 eta 24, hurrenez hurren).
Azkena
Autobus bete zale bertaratu ziren kirolari zumaiarrak Donibaneko frontoira, baina harmailak arrosaz tindatu zituzten, gutxika-gutxika, etxeko zaleek. Hala, partida abiatzerako 200 ikusle inguru elkartu ziren Pasaiako udal kiroldegian, bakoitza bere taldearen alde oihu egiteko prest.
Berdinduta, oso, egon zen norgehiagoka hasieran. Atsedenaldira 12-11ko abantailarekin heldu zen Donibane, eta bueltan erritmo biziagoari ekin zioten, defentsa arinari esker kontraerasorako baloiak berreskuratuz. Hala lortu zuten arrosek 6 goleko abantaila, partida bukatzeko 10 minutu gelditzen zirenean.
Orduan eztanda egin zuten zaleen kantu eta animo oihuek, eta sekula baino ozenagoak bihurtu ziren horiek epaileak partidaren bukaeraren berri eman zuenean. Ospatzeko zelaira jatsi ziren Donibane Kalaburtzako taldekideak, eta, ligan aurkari izan diren arren, familia argazkia egin zuten denek [goiko irudian].
Igoerari eta eskuartean dituzten asmoei buruz aritu da Jesus Marcos presidentea HITZAn:
[ELKARRIZKETA] JESUS MARCOS, DONIBANE ESKUBALOIA KLUBEKO PRESIDENTEA: «Iaz galdutako kategoria berreskuratzea lortu dugu»
Nola bizi zenuen larunbatekoa?
Super urduri! [barrez]. Oso-oso urduri, partida bakarrean jokoan duzulako denboraldi osoa, eta sasoiaren hasieran helburutzat hartu genuen zerbait zelako igoerarena, beraz, izugarrizko presioa genuen gure buruarekin. Dena zegoen jokoan ordubetean.
Gainera, haiek aski zuten berdindu edo irabaztearekin igotzeko, baina guk bai edo bai irabazi behar genuen, joaneko partidan galdu genuelako.
Garaipen honekin joan den urtean galdutako kategoria berreskuratu duzue. Indarberritzeko balio izan dizue?
Bai, bai. Iaz jaitsi ginen, eta aurten kategoria berreskuratu ahal izan dugu. Espero dugu bertan finkatzea, eta, tira, ez dut esango zailtasunik izango ez dugunik, kategoria gogorra baita, baina espero duguna da urte honek balio izana ikasteko, gazteek esperientzia hartzeko, eta larunbatekoa bezalako partida bat bizi ahal izateko, igoera bat ez baita egunero esperimentatzen den zerbait.
Ohikoena garaipenak eta, batez ere, porrotak bizitzea da, gutxi batzuek irabazten baitute. Kirolaren munduan, igoera bat bizitzea, eta larunbatekoa bezalako partida batean egotea, asko, gainera, hain gazte… hori izugarria da.
Zer aldatu da iaztik hona?
Plan bat diseinatu dugu sasoia hasi zenetik, entrenatzaileak, kirol arduradunak eta kirol-psikologa batekin ere ari gara lanean orain dela bi urtetik. Plan bat egin zen, eta hura hitzez hitz jarraitzen saiatu gara, nahiz eta bidean zehar zalantzak egon diren, noski, eta aldaketaren bat edo beste, baina bideorri hori jarraitzen saiatu gara, eta badirudi ongi atera dela.
Argi dago lehen taldearen helburua, nagusiki, igotzea zela, eta lortu dugu; baina klubari dagokionez, hori helburua baino beharra zen, ikusgarritasun handiagoa behar baitugu. Ez baita berdina lurraldeko lehen mailan edo bigarrenean egotea, baita jokalariei begira ere, gurera gerturatzeko horiek. Eragingarria oso desberdina da.
Hortaz, genuen xedea eta, batez ere, egin dugun moduagatik, asebetegarria izan da. Uste dut diziplina horrek eragina izan duela jokalariengan ere, elkarlan eta koordinazio handia egon dela; eta egin-egin dugu.
Badago, azkenean, ikusten ez den lan bat, itzaletan egiten dena, baina entrenatzaileak planeatutako pausoak ezarri dituenean jokalariek erantzun dute, eta horrek emaitza eman du. Zentzu horretan, klubaren partetik, oso pozik gaude, ikusi dugulako inbertitutako lanak, denborak eta baita diruak ere, hau ez baita gauza merkea!, fruituak eman dituela.
“Espero duguna da urte honek balio izana ikasteko, gazteek esperientzia hartzeko, eta larunbatekoa bezalako partida bat bizi ahal izateko”
Bigarren taldeak, Donibane Kalaburtza, bederatzitik zortzigarren bukatu du denboraldia. Bete al dira horien helburuak ere?
Talde hau diseinatuta zegoen, orokorrean, lehen taldeari laguntzeko gainontzeko ligako taldeei puntuak kentzen, Donibane Bonantza erosoago egon zedin sailkapenean. Alegia, beste taldeei puntuak lapurtu eta onena ematea.
Lesio asko egon dira, zigorrak ere, eta beti ezin izan dira jokalari guztiak elkarrekin egon. Baina, tira, ezin hobeki egin dute euren lana Kalaburtzakoek. Klubaren barruan saiatzen gara bi taldeak ez bereizten. Guretzat bakarra izan dira, askotan elkarrekin entrenatu baitute. Egia da, federazio mailan, noski, bi talde sortzea beharrezkoa dela, baina barne-mailan askotan bakarrak bezala funtzionatu dute.
Larunbatean agerian gelditu zen konexio hori. Kalaburtzakoak ziren soinu gehien egin zutenak harmailetan, eta garaipenaren berri eman zutenean eurek izan ziren zelaira jauzi egin zuten lehenak. Une horietan konturatzen zara taldea egin dela eta jendea gustura dagoela. Baten garaipenak bestearenak ere badirela.
Emakumeen taldea sortzeko ahaleginetan ari zarete aspalditik, eta badirudi aurten badela horretarako aukerarik.
Proiektu hori orain dela urte asko dugu eskuartean, eta beti ibili gara saiatzen, baina egoera batengatik edo bestearengatik ez da inoiz gertatu. Eskubaloian ari diren neska sanjuandar gehienak Bera Beran daude, logikoa denez, erreferentziazko kluba delako. Beste emakume asko arraunean aritu izan dira beti San Juanen, erreferentziazko beste klub bat delako. Eta, azkenean, guri ezer gutxi gelditzen zaigu.
Azken urte luze honetan batekin eta bestearekin harremanetan jartzen ibili gara. Eta, gu harremanetan jarri baino, gehienek gugana jo dute, gehienbat, eskubaloilari izandako emakumeak, jada kirolean ari ez zirenak, baina bueltatzeko gogoa zutenak.
Hor hasi ginen gu ere gehiago mugitzen, ezagunak genituen jokalariekin harremanetan jartzen eta asmoa ahoz aho zabaltzen. Eta horretan ari gara. Ezin dut oraindik esan emakumeen taldea dugunik, gezurra esatea litzatekeelako, baina horretan ari gara eta uste dugu badaudela aukerak aurten hori gertatzeko.
Aurretik ere izan genuen emakumeen taldea, eta orain dela urte pare bat omenaldia egin genien plazan. Eta, jo, batak eta besteak elkartzeko aukera badugu, sekulakoa litzateke hori. Ikusgarri egin nahiko genukeen zerbait litzateke emakumeen talde hori sortuko balitz, Donibanen emakumeek beti presentzia oso garrantzitsua izan baitute, Batelerak urte askoz egon dira den-dena irabazten, eta orain taldea desegin da. Beraz, guk nolabait testigu hori hartu baldin badezakegu, jakinda, noski, kirol ezberdinak direla, baina emakume kirolariei erreferentzialtasun hori emateko, bada, bapo!