LGTBIQ+ pertsonen ahalduntzerako espazioa sortu du udalak
Zerbitzua aitzindaria da, ez baitago instituzioek zein kolektiboak berak kudeatutako halakorik Errenteria-Orereta inguruko herrietan. Aitzindaria ere epe laburrean udalak egi bihurtuko duen beste mugarria: LGTBIQ+ Aholku Kontseilua.
Ez omen dago halakorik inguruan, eta horrek aitzindari bilakatuko du udalak gaur bertan aurkeztu duen espazioa. LGTBIQ+ pertsonek, ahalduntzerako espazioa izango dute aurrerantzean Errenteria-Oreretan. Sexu eta genero aniztasunaren gaineko informazioa, orientazioa, aholkularitza eta akonpainamendua aurkituko dituzte zerbitzu horretan bertaratzen diren LGTBIQ+ pertsonek, edota haien gertukoek.
Gaur aurkeztu dute zerbitzua Itziar Ostolaza Berdintasun zinegotziak, eta Iñaki Queralt LGTBI+ politiketarako zinegotziak. Asebete biak, agintaldia amaitu aurretik arlo horretan epealdirako hartutako konpromisoak beteko dituztelako; baita inguru hurbilean ez dagoelako instituzioek kudeatutako halako zerbitzurik ere. Urrats bat gehiago da udalak egin duena LGTBI+ politiketan zerbitzu berria martxan jarrita, herritar ororen arteko berdintasuna bermatzeko beste pausua.
Merkatuzarreko gela balionitzak hartuko du zerbitzu berria, asteartero, 16:30etik 20:30era. Bertarako sarbidea, 14 urtetik gorako LGTBIQ+ pertsona edo haien hurbileko orok izango du: “genero identitatea, genero adierazpena, eta sexu orientazioa sentitzeko, ulertzeko, bizitzeko eta adierazteko dauden askotariko moduak aintzat hartuz eta betiere, ahalduntzea xede nagusia izanik, banakako eta taldeko arreta eskainiko dira era konfidentzial eta doakoan”, azaldu du Ostolazak. Horrekin lotuta, aurrera begirako helburua ahalduntzerako espazio kolektiboa sortzea dela erantsi du Berdintasun arduradunak, “hori ere badelako nolabait kolektibo honekin detektatutako behar bat”.
Zerbitzuan psikologo batek egingo du artapena, eta funtzionamendua, Emakumeen Etxean eskaintzen diren zerbitzuen oso parekoa izango dela azaldu du Ostolazak. Aldez aurretiko hitzordua hartu beharko da zerbitzura joateko. Horretarako bi bide: 943 44 95 76 telefono zenbakia, bata; posta elektronikora mezua bidaltzea, bestea. Gaurtik bertatik eskatu daitezke hitzorduak jada, baina zerbitzua apirilaren 18an jarriko dute martxan.
Aurtengoa “esperimentala” izango dela esan du Ostolazak; izan ere, inguruan ez dago halako beste gune erreferenterik instituzioetatik kudeatua, ezta mugimendutik ere, “ez dakigu zein kasu mota iritsiko diren, zein behar mota helduko diren. Horregatik diogu hasiera hau behintzat esperimentala izango dela, eta beraz, oso garrantzitsua izango da bide honetan balorazio jarraituak egitea datozen urteetan zerbitzua egokitzen joateko. Agintaldi honetan dugun azkeneko mugarria da LGTBIQ+ politiken planari dagokionean”.
Aholku kontseilua, laburrean indarrean
Gaurko agerraldian, LGTBIQ+ kolektiboarentzat ezinbesteko tresna den aholku kontseiluaren sorreraren berri ere eman du Queraltek: “Ekintza planean jasotako beste egiteko garrantzitsua LGTBIQ+ politikak berariaz landuko dituen aholku Kontseilu baten sorrera da”. Bada kontseilu horren araudiak pasa den hilabeteko udalbatzan jaso zuen lehen oniritzia, eta une honetan herritarren ekarpenak jasotzeko prozesu irekian dago dokumentua”.
Kontseiluaren eraketan, datozen hilabeteotan gauzatuko dela gaineratu du LGTBIQ+ Poliketarako zinegotziak: “Ekintza planaren garapenerako sortuta dago gehienbat aholku kontseilua, bera izango da, nolabait, plana garatuko den bermatzailea kontseilua izango da”. Gaurko agerraldia inguruan diren LGTBIQ+ pertsonak eta eragileak deitzeko baliatu dute Queraltek eta Ostolazak kontseiluan parte hartzeko, “norbanakoek parte hartzeko aukera izango dute, eragileek ere, araudian bildutako baldintzak beteaz”.
Aholku Kontseiluaren sorrerak, LGTBIQ+ politikak instituzionalizatzea ekarriko duela erantsi du Queraltek, “hau ere mugarri da, Euskal Herrian ez delako halakorik existitzen guk dakigula. Hortik harago, interlokuzio ofiziala izango da aurrerantzean ondorio juridiko guztiekin, eta udalak bere gain hartu beharko ditu aholku kontseilu horren erabaki eta aholkuak udal politiketan txertatzeko”.
Queraltek eta Ostolazak gaur aurkeztutako zerbitzu berria zein aholku kontseilua bide luzeago baten emaitza dira. Abiapuntua ErreferenteEKIN Errenteria-Oreretako LGTBI biztanleriaren errealitateen diagnostikoa izan zen, “eta LGTBIQ+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko urrats bat eman nahi da. Ekintza planean zehaztu gisa, LGTBIQ+ komunitatearen bizitzak eta esperientziak bizigarriago bihurtzeko pausua izango da honakoa, kolektibo hori osatzen duten pertsonen bizi baldintza sozialak, materialak eta emozionalak bermatzeko”.
Ahalduntzerako zerbitzua doakoa izango da, eta ateak zabalik izango dituzte Errenteria-Oreretako biztanleek zein inguruetako herrietakoek ere.