Nerea Uranga eta Julene Frantzesena / Urola Kostako Hitza
Pasaiako segada argitzeko bidean urrats berri bat egiteko aukera sor zitekeen gaur Donostian, baina ez da hala izan, ez behintzat Gipuzkoako Lurralde Auzitegian gertatu dena kontuan hartuta. Izan ere, duela 39 urte Pasaiako badian jazo zen segadan parte hartu zuten zazpi polizia identifikazio saio batera deituta zeuden gaur, baina zazpi horietatik hiru baino ez dira agertu, eta Joseba Merinok –segadatik bizirik atera zen kide bakarra– ez ditu ezagutu hiru lagun horiek.
Aurrez aurreko errondatik ateratzean, hedabideen aurrean hitza hartu dute Santiago Gonzalez segadan hildakoen familien abokatuak eta Merinok berak. Abokatuak azaldu du epaitegiak zein arrazoi eman dituen zazpi polizietatik hiru baino ez agertzeko hitzordura: epaitegira joan ez diren lau polizietako bat hilda dago, beste baten polizia zenbakia gaizki hartuta dute, eta beste biak ezin izan dituzte lokalizatu, nahiz eta polizia haiekin harremanetan jartzen saiatu den posta elektroniko bidez. Dena den, data zehaztu gabe, baina beste bi identifikazio saio egingo dituztela azaldu du Gonzalezek, eta aurrera begira zer pauso eman aztertuko eta adostuko dutela ere esan du. “Senideekin eta lagunekin hitz egingo dugu, eta jarraituko dugu beste argibide batzuk eskatzen, behingoz kasua argitu dadin”. Merinok, berriz, gaurkoarekin ezer ez dela bukatu esan du, eta hilketan parte hartu zuen poliziarik ez duela identifikatu eta, zera adierazi du: “Ehuneko ehun ziur egon arte ez dut inor identifikatuko, eta ezin dut inor seinalatu. Ez naiz harritzen batzuk agertu ez izana, azken finean haiek deitzen dituena polizia delako. Oraindik ez da kontua bukatu, beste bi identifikazio erronda gelditzen dira egiteko, eta oraindik hau ez da bukatu”.
Pello Aizpuruk –Dionisio Aizpuru Kurro zenaren anaia– ere hitz egin du Pasaiako segadan hildakoen senideen eta Pasaiako Sarraskia Argitu taldearen izenean. Beste behin, epaitegiaren aurrera Pasaian gertatutakoa salatzera joan direla adierazi du: “Estatuko biolentziaren kasu garbi-garbia da, estatu terrorismoaren ezaugarriak dituena, pertsona bat bahitu, torturatu, pistola buruan jarri eta segada prestatu zuten, eta sarraskia egin zuten; 113 bala zulo eragin zizkioten gure lau senideei. Krudelkeria hori guztia ezkutatzen saiatu dira, sarraskia gertatu eta hiru hilabetera epaileak ez omen zuen deliturik ikusi 113 bala zulo haietan. Gerora, gure ahaleginei esker kasuak bizirik jarraitu du. 2016. urtean epaileak aitortu zuen gure senideek ez zutela tirorik egin, beraz, zer egin zuten gure senideekin? Exekuzio estrajudizial bat izan zuten”. Gaurkoan “zorterik ez” dutela izan azaldu du Aizpuruk, baina egungo epailea zerbait ikertzeko eta argitzeko borondatea erakusten ari dela nabarmendu du, “orain arteko epaileek erakutsi ez dutena”. Gipuzkoako Lurralde Auzitegian irekita dagoen bidea “zirrikitu bat” besterik ez dela esan du, baina zirrikitu hori zabalik dagoen bitartean haien senideekin egin zutena “inpunitatean ez uzten” saiatuko direla esan du.
Erakundeekin lanean jarraituko dutela ere azaldu du Aizpuruk. Azken egunetan senideek publikoki salatu dute Eusko Jaurlaritzak hiru urtez txosten bat ezkutatu diela. “Kasua argitzeko lanean jarduteko hiru urte lapurtu dizkigute, eta ez dago horretarako eskubiderik. Nork erabaki zuen txosten hori kaxoi batean ezkutatu behar zela? Nork erabakitzen du biktima batzuen senideei txostenak ematea eta beste batzueri ez?”, salatu du Aizpuruk, eta gaineratu du kontu horiek argitzeko eskatuko diotela Jaurlaritzari. Era berean, Eusko Jaurlaritzari “konpromisoak” eskatuko dizkietela azpimarratu du: “Behingoz aitortza ofiziala egin dezatela, eta txostenean adierazten diren gomendio horietan ea prest dagoen gurekin lanean aritzeko. Txostenean esaten da erakundeetatik ez dugula laguntzarik jaso, horri buruz ez al dute ezer esan behar? Izugarria da egin digutena”. Aizpuruk espero du hemendik aurrera “hori guztia konpontzeko” borondatea azaltzea Jaurlaritzak. “Barkamen soil batekin hori ez da konpontzen, lanerako gogoa eta konpromisoa azaldu behar dira. Gainera, konpromisoak betetzeko epeak jartzea eskatuko diogu”, nabarmendu du.
09:00etarako herritarrek protestak hasi dituzte Donostian, auzitegiaren aurrean. 09:00etako kontzentrazioa, Pasaia gogoan lelo hartuta egin dute Pasaiako segadan hildakoen lagunek, kideek eta Sare Antifaxistak. Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak eta Pasaian hildakoen senideek deitutako bilkura, berriz, 10:00etan hasi da epaitegiaren aurreko plazan, Pasaiako sarraskia ikertu eta argitu leloarekin. Besteren artean, Pasaiako Sarraskia Argitu taldearen kontzentrazioan parte hartu dute Pasaiako segadan hildakoen senideek, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta Juan Karlos Izagirre EH Bilduren batzarkideak. Bestalde, poliziek segadarako amu gisa erabili zuten Rosa Jimeno ere joan da epaitegiaren atarira, eta hildakoen senideak agurtu ditu hark.
Gaiarekin lotura duten albisteak:
- Pasaiako segada: EHUren Unesco katedraren txosten baten arabera, ez zen “ikerketa judizial eraginkorrik” egin
- Pasaiako segadako hainbat inplikatu, deklaratzera