3 urteko haurrak ere hartuko dituzte Pasaiako udalekuetan
Gazteria zinegotzi Koldo Errondosorok ziurtatu du udalerriko familiek "maiz" eginiko eskaerari erantzungo diola adin-zabaltzeak.
Aurtengo udan 3 urteko haurrek Pasaiako udalekuetara joateko aukera izango dutela jakinarazi du Gazteria zinegotzi Koldo Errondosorok. Erabaki horrek udalerriko familiek “maiz” eginiko eskaerari erantzutea du helburu.
“Badakigu familia askori asko kostatzen zaiela udan antolatu ahal izatea eta kontziliatzea, haurrak norekin edo non utzi ez dutelako. Gure ustez, beharrezkoa da udalak aukera hori eskaintzea”, mintzatu da Errondosoro.
Gehienez ere 3 eta 10 urte bitarteko 320 haur hartuko dituzte aurtengo udal udalekuek. Izena emateko epea ez dago zabalik oraindik, maiatzaren hasieran irekiko du udalak aukera hori.