Euskaraz egiten den lanak balio erantsia duelako
Praktikak eta ikasketa dualak euskaraz eskain daitezen lanean ari da Pasaiako Udala aspalditik. Sinetsita daude lan mundura jauzia euskaraz egitea beharrezkoa dela inplikatutako guztientzat.
Ikastetxeetan euskaraz lan egiteko ohitura indartzen ari bada ere, oraindik eginahal handia behar da lan munduan euskararen erabilera normaliza dadin. Hain da horrela, non ikasketak euskaraz eginda ere, lanean hasteko jauzia egiteko unean euskara bidean galtzen den oraindik ere kasu askotan.
Lantokiko praktikak eta ikasketa dualak euskaraz egiteko aukera ematen du Eskolatik Lanera saiakerak, eta 10etik gora urte daramatzate Oarsoaldeko lau udalek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez, saiakerari atxikita. LH Dualak ikasketak konbinatzen ditu enpresa eta ikastetxeetan, eta formakuntza hori euskaraz eginda, ikasleak eleaniztasunean prestatzeaz gain, lantokien lehiakortasuna ere areagotu egiten dela sinetsita daude sustatzaileak.
Egungo gazte ia guztiek euskaraz ongi dakite gaur egun, baina erabilera hori gerora betikotu dadin ahalegin berezia egin behar da oraindik. Horregatik, hain zuzen, udalek finantzatzen dituzte enpresa parte hartzaileen bi urtetako egokitzapen gastuak (itzulpenak, euskarazko hizkuntza-paisaia, diru laguntza publikoei buruzko informazioa…). Laguntza ekonomikoaz gain, laguntza teknikoa ere eskaintzen zaie enpresei, aholkularitza agentzia bati esker.
Pasaian, bertako udaleko Euskara Sailak sustaturiko egitasmoarekin bat egin duen zentroetako bat da Blas de Lezo LHII. Bertan, egun, euskara hutsean ikasten ari den talderik ez bada ere, orain dela urte pare bat badute ikasleek horretarako aukera.
Ari dira
Blas de Lezon Lanbide Heziketa Duala euskaraz egiten ari da Peru Cousillas Osa antxotarra, Donibaneko Suministros Itsaso enpresan. Zentro horretako ikasleei euskarazko praktikak eskaintzen dizkieten bederatzi enpresetako bat da Donibanekoa; bertan, Lanbide Heziketako ikasketak D edota B ereduetan egin dituzten ikasleei, edota ikasketa horiek A ereduan egin arren, lana euskaraz egin nahi duten ikasle euskaldunei, horretarako aukera eskaintzen diete. Azken kasu horren adibide da, hain zuzen, Cousillas.
LH Duala euskaraz egitearen onurak inplikatutako hiru aldeek jaso ditzaketela uste dute horretan ari direnek. Ikasleei dagokienez, horien enplegagarritasuna areagotu egiten dela ziurtatu dute, modalitate horretan formatzen direnen %70ek lortzen baitute kontratua. Horrez gain, euskara baliokidetza ere aitortzen zaio ikasleari (goi mailako ikasketen %50 euskaraz eginda B2a, eta erdi mailakoekin B1a).
Lantokiaren kasuan, euskarazko LH Dualeko langileak praktiketan hartu edo kontratatzeak enpresen lehiakortasuna areagotzen du. Izan ere, Euskal Herriko enpresen ekoizpen sarearen premietara egokitutako profesionalak dira horiek, bertako prozesu eta kulturan esperientziadunak.
Sustatzaileen arabera, ikastetxearentzat hiru dira onura nagusiak: lan merkatuak behar dituen beharrei aurre egiteko informazioa eskuratzea; enpresen eta ikastetxeen arteko harremanak estutzea; eta enpresen erantzun sozial korporatiboko politikak sustatzea.
Informazio gehiago webgunean eta telefono zenbaki honen bidez: 943 37 65 32
UNAI LUJANBIO ETXARRI SUMINISTROS ITSASO ENPRESAKO ARDURADUNA: «Euskaldunarekin, euskaraz naturalagoa da harremana»
«Guk urteetan hartu izan ditugu ikasleak praktiketan, eta galdetu izan digutenean hizkuntzari buruz, beti esan izan dugu, euskaraz baldin bazen, nahiago genuela. Hasteko, gure ama hizkuntza delako, eta naturalki ateratzen zaigulako euskaraz hitz egitea, euskaraz egiten dugulako hemen bizitza, elkarlana. Badugu, adibidez, gaztelaniaz egiten duen lankide bat, baina euskara ulertzen du. Eta egia da berari, agian, gaztelaniaz zuzentzen gatzaizkiola, baina naturalki hemen, bestela, euskaraz egiten dugu.
Tira, egia esanda, ia hiru hizkuntzatan edo lautan funtzionatzen dugu. Izan ere, guk ontzi bisitariak artatzen ditugu, eta kasu horretan %70 frantsesa da hizkuntza. Euskaraz ere ibiltzen gara bezeroekin, noski, hemen bisitari asko ditugulako ingurukoak. Asko datoz Debatik, eta baita Bizkaitik ere.
Euskalduna denari bere ama hizkuntzan hitz egiten diozunean, asko eskertzen du hori. Eta, gainera, euskalduna denari euskaraz zuzentzean, naturalagoa da harremana. Eguneroko tratuan hori asko nabari da».
ANDER ELKORO ERRASTI. BLAS DE LEZOKO IRAKASLEA ETA HIZKUNTZA NORMALIZAZIOKO ARDURADUNA: «Lan mundurako jauzia euskaraz egitea funtsezkoa da»
«Gaur egun, Blas de Lezon badago aukera euskaraz ikasteko, eta hori da bermatu nahi duguna. Oraingoz makinetako arloan bakarrik dago aukera hori, baina egon badago. Gustatuko litzaiguke taldea ateratzea, azken finean euskararen jarraipena bermatzeko modu bat delako hori.
Euskarazko aukera orain dela bi edo hiru urte hasi ginen ematen; ez da, beraz, hain aukera zaharra. Talderik ez baldin badago ere, bermatu nahi dugu gero praktikak, jende euskaldunak edo horiek euskaraz egin nahi dituenak behintzat, euskaraz egiteko aukera izan dezan. Beraz, gaur egun ez dago talderik, baina praktikak euskaraz egiteko aukera, bai.
Funtsezkoa da lan mundurako jauzia euskaraz egiteko etenik ez dadin egon, alegia, euskara ez izateko hizkuntza akademiko bat. Beharrezkoa da lan mundu horretan ikusi eta bermatzea euskaraz ere lan egin daitekeela. Ikastetxean irakasleen artean egiten den bezala, bada, beste edozein lan arlotan, berdin. Hitz gutxitan, lana euskaraz ere egin daiteke».
PERU COUSILLAS OSA. BLAS DE LEZOKO IKASLEA, PRAKTIKETAN SUMINISTROS ITSASON: «Lanean ari garen bitartean euskaraz funtzionatzen dugu»
«Blas de Lezon ikasten hasteko erabakia hartu nuenean, eta ikasketei buruzko informazioa jaso nuenean, esan zidaten egin nahi nuena [itsasontzietako makinen eta instalazioen operazioa, kontrola eta mantentze-lanak] gaztelaniaz egiteko aukera bakarrik zegoela. Eskaini izan balidate ikasketak euskaraz izatea, euskarazkoak aukeratuko nituzkeen.
Erdi mailako gradua gaztelania hutsean egiten ari naiz horregatik, baina praktikak egiteko aukera eskaini zidatenean, eta enpresa honekin [Suministros Itsaso] harremanetan jarri zirenean ikastetxetik, esan zidaten euskaraz zirela praktika hauek, arduradunek horrela nahiago zutela lan egin, eta nik baietz esan nuen, noski; ez zegoela arazorik, nik horrela nahiago nuela.
Esango nuke ohituta gaudela ikastetxean-edo euskaraz aritzen, baina askotan ez dugula planteatzen lantokian ere euskaraz aritzea, eta hemen dago adibide bat non lanean ari garen bitartean euskaraz funtzionatzen dugun naturaltasun osoz. Beste ikasleak ere animatuko nituzke probatzera».