Eusko Legebiltzarrera jo dute portuko langileek
Langile plantillaren murrizketa eta zerbitzuen pribatizazioa salatu du berriro PPAko Langileen Batzordeak.
Joan den asteazkenean, Pasaiako Portu Agintaritzako Langileen Batzordeak (PPALB) agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarreko Lan eta Enpleguko Batzordearen aurrean, portuaren pribatizazioa salatzeko eta langileen eskubideak berma daitezen eskatzeko.
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek osatutako enpresa batzordearen izenean mintzatu zen Joxerra Zapirain (LAB): “Salatu nahi dugu publikoa den empresa hau pixkanaka pribatizatzen ari direla eta erakunde horren egungo narriadura jasota utzi nahi dugu, batez ere plantillarekin gertatzen ari denari dagokionez”.
80ko hamarkada baino lehen, portuaren zuzendaria zen figura nagusia, eta Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniari titulua behar zuen, nahitaez. Felipe Gonzalezen lehen agintalditik, ordea, goi kargu hori betetzeko ez da inolako titulaziorik behar. “Horregatik”, gaitzetsi zuen Zapirainek, “bere meriturik handiena ideologikoki gobernatzen duen alderdi politikoaren antzekoa izatea da”. Pasaian, gaur egun, Joakin Telleria Agirrezabalak du kargu hori.
Plantilla
80ko hamarkadan, PPAko plantilla 450 pertsona ingurukoa zen. Zuzendaritza taldea, berriz, lan kontratu pertsonalen eta Espainiako araudiaren bidez erregulatutakoa, 17 pertsonek osatzen zuten, presidentea eta zuzendariaz gain, bi horiek goi kargutzat jotzen baitira.
90. hamarkadatik PPAn plantilla “argaltzeko” politikak nagusitu izan dira, langileen batzordearen arabera. Lehenengo garabietako langileak SESPAren eskuetara (portura sartzen eta portutik ateratzen diren salgaiak estibatzeaz eta desestibatzeaz arduratzen zen erakunde erdi-publikoa) pasa ziren, eta, ondoren, draga, tailerrak, baskulak, kaien eta eraikinen garbiketa, trakzioa eta maniobra, zerbitzu medikoa, lorezaintza, mantentze-lanak eta abar “eraitsi” zituen zuzendaritzak.
Hori horrela, gaur egun, PPAko hitzarmenaren barruan, kontatu finkoa duten langileen kopurua 450etik 90era murriztu da. Zuzendaritzako taldean, bien bitartean, 17 kideen kopurua bere horretan mantendu da.
Pribatizazioa
“Jarduera pribatuari zerbitzu propioak emateak eta azpikontratatzeak ez du zerikusirik APParen egoera ekonomikoarekin, bere negozio-zifra egonkor mantentzen baita. Arrazoi bakarra izan da Madrilgo eta Gasteizko gobernuetan politika neoliberala itsu-itsuan inposatzea, zerbitzu publikoak etengabe argaltzen ari baitira, negozioa dagoenean sektore pribatura pasatuz”, diote.
Enpresa batzordearen arabera, PPA, langile eskasia sortzen ari den arazoen aurrean Madrilen lan eskaintza publiko gehiago eskatu beharrean, enpresa pribatuak kontratatzen ari da. Batzordearen “marra gorri guztiak” zeharkatu zituen azken erabakiak: zuzendaritzak orain arte zaintza zerbitzuak betetzen zituen funtzio publikoak asetzeko segurtasun pribatuko enpresa bat kontratatu zuen.
“Eginkizunen usurpazio hori gure esku dauden bitarteko guztien bidez geldiarazten saiatuko gara”, ziurtatu zuten asteazkenean. “Ganbera hau prest al dago Joakin Telleriak Pasaiako portuko zerbitzugunean aginte-lana segurtasun pribatuarekin kontratatzeko hartutako erabakia onartu eta babesteko? Ganbera hau prest al dago Pasaiako Portu Agintaritzan enplegu publikoaren desegitea saihesteko konpromisoa hartzeko?”.