Itzuliaren harira, trafikoan aldaketak
Asteazkenean trafikoari eragingo dio Itzuliak, baita garraio publikoari zein aparkalekuari. Udaletik garraio publikoa erabiltzeko gomendatu dute.
Asteazkenean Itzuliak Errenteria-Oreretan hasiko du etapa, hirugarrena, zehazki, eta horren harira, aldaketak izango dira trafikoan, aparkalekuetan, baita garraio publikoan ere. Itzuliaren etapa aurkezteko gaur egin duten agerraldian eman dute aldaketa horien berri. Hala, asteazkenean (apirilak 5) itxita izango da trafikoarentzat Nafarroa etorbidea 08:00etatik 16:00etara Galiziako biribilgunea (Niessen) eta Santa Klara (Matxain) Biribilgunearen artean. Touring ibilbidea ere itxita izango da trafikoarentzat Garcia Lorca kaleraino.
Aparkatzeari dagokionean, berriz, debekatuta egongo da Touring etorbidean, Panierreko aparkalekuan, Galiziako eta Santa Klarako biribilguneen artean apirilaren 4ko 22:00etatik apirilaren 5eko 16:00ak arte. Biteria kaleko oinezkoentzako gunean, Morrongilletan zamalanetarako eremuan, Tullen baterian eta zamalanetarako eremuan, Maria de Lezo zamalanetan, Foru plazan eta Pablo Iglesias kale osoan ere ezingo da aparkatu apirilaren 4ko 22:00etatik apirilaren 5eko 13:45 arte.
Ibilbideko gainerako aparkalekuetan autoak utzi ahal izango dira, baina ezingo dira bertatik mugitu trafikoa etena dagoen artean (apirilaren 5eko 13:00etatik 13:45era).
Behin behineko aparkalekuak prestatu dituzte, halaber. Honakoak dira eremu horiek: Mendi Lore gunean, Lousada kaleko zezen plaza zaharra zena; Miguel Irastorzaren futbito pista; Iztieta pasealekua; Kirol pista Alaberga-Aiako Harria kalearekin; Pio Baroja eskolako kirol pista, Urdaburu kalean. Horietan apirilaren 4ko 20:00etatik apirilaren 5eko 20:00ak arte aparkatu ahal izango da.
Alferrikako itxaronaldiak saihesteko ordutegiak kontuan hartzeko eskatu diete gidariei eta beste bide batzuk erabil ditzatela N-1 saihesbidea, eta hirigunea inguratzen duten kaleak erabiltzea gomendatzen da.
Erdigunean oinez ibiltzeko asmoa duten herritar guztiei berriz, arreta handiz ibiltzeko eskatu diete ibilbideak eragindako zebrabideak zeharkatzerakoan, baita ahal den neurrian ere Erdigunera gerturatzeko garraio publikoa erabiltzeko. Ibilbideak eragindako eremuan dauden garajeetan aparkatzen dutenak apirilaren5eko 13:00etatik 13:45era (asteazkena) zirkulatzeko debekua kontuan hartu beharko dute.
Garraio publikoan ere aldaketak. U7,U22, eta U33 lineei eragingo die probak 08:00etatik 16:00etara eta Galiziako biribilguneko, Zumardia, Touring etorbidea, Fanderia 17, Lartzabal 19 eta Lartzabal 1eko geltokiak kenduko dituzte.
Hiriarteko garraioan, E01, E02, E03, E04, E20, eta E26 lineen ibilbidetan eragina izango du apirilaren 5ean 08:00etatik 16:00etara. Gamon Zumardia, Nafarroa etorbidea, eta Lartzabalgo geltokiak kenduko dituzte, eta 13:00etatik 14:00etara Diputazio Plazako geralekua kenduko dituzte.