Udalak Gamongoaren gaineko informazioa ukatu diola salatu du Eguzkik
Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak Errenteriako Udalari eskatu dio Eguzkik eskatutako informazioa eman dezala.
Gamongoa eremua Eguzki talde ekologistak jakinarazi du Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak “gaitzetsi” egin duela Errenteriako Udalak Gamongoan Plan Orokorraren Aldaketaren auziari buruz Eguzkik eskatutako informazioa ukatzeko hartutako erabakia.
Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak martxoaren 21ean emandako ebazpenaren bidez, Errenteriako Udalari eskatu zion hamar eguneko epean eman zezala talde ekologistak eskatutako informazioa.
Egoera hori udalari 2022ko irailean egindako informazio eskaerarekin hasi zela esan du Eguzkik. Talde ekologistak azaldu du eskera horren jatorria dela kolektiboak “uko egiten diola” aipatutako auzian parte hartzeko eskubideari, “diru gutxiegitasun ageriko arrazoiengatik”. Iazko irailaren 15ean egindako eskaera udalak urriaren 19ko ebazpenaren bidez “ukatu” zuela salatu du kolektiboak.
“Gure eskaera ukatzeko udalak erabilitako argudioak nahikoak ez zirenez eta parte hartzearen, gardentasunaren eta informazio eskubidearen printzipioen irakurketa murriztailearen ondorio zirenez, dagokion berraztertze errekurtsoa aurkeztu genuen 2022ko azaroaren 17an. Zoritxarrez, udalak urtarrilaren 27an jakinarazi zigun errekurtsoa ez zela onartu”, adierazi du Eguzkik.
Hori dela eta, Arartekoarengana eta Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordera jo zutela jakinarazi dute. Otsailean batzorde horretan beren erreklamazioa aurkeztu zutela nabarmendu dute. Erakunde horren ebazpena, “nahitaez bete beharrekoa bada ere, administrazioarekiko auzi errekurtso baten bidez errekurritu” daitekeela esan dute. Ebazpen horren bigarren puntuak honela dio: “Errenteriako Udalari eskatzea gehienez ere hamar eguneko epean eman diezaiola erreklamaziogileari eskatutako informazioa, ebazpen honen 18. oinarri juridikoan ezarritakoaren arabera”.
Eguzkik adierazi du ez dela Arartekoarengana eta, kasu honetan, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordera, jo behar duten lehen aldia “gure ustez, udalak indarreko legediaren interpretazio murriztailea egin duelako, herritarren eta gizarte interesei kaltetan”. Talde ekologistaren ustez, udalak “nahitaez” aldatu behar du jarrera, eta “bere ordezkarien interesen aldeko irizpideak aplikatu behar ditu. Kezkatuta egon beharko luke zuzenbide arloan prestakuntzarik ez duten pertsonen irizpide juridikoak, gure kasuan bezala, administrazioarenak eta bere kualifikazio handiko profesionalen kabinete juridikoarenak baino eztabaidaezinagoak izateak”.
