Urrezko ahotsak dituzte
Kontarik lehen saria irabazi du Getafen (Madril, Espainia) jokatutako Madrilgo Komunitatearen Haur eta Gazteen Abesbatza Txapelketan.
Harrobi sendoa du Landarbaso abesbatzak, eta hori nabarmenago gelditu da oraindik, joan den asteburuan. Izan ere, abesbatzaren kantari gazteenak biltzen dituen Kontarik lehen saria irabazi du Getafen (Madril, Espainia) jokatutako Madrilgo Komunitatearen Haur eta Gazteen Abesbatza Txapelketan. Agrupacorosek antolatzen du txapelketa hori.
2020an jokatu behar zuten txapelketa horren seigarren aldia, baina pandemia testuinguruak bertan behera uztera derrigortuta, pasa den asteburuan egin zuten, azkenean. Saria etxera ekarri dute Kontariko haur eta gazteek, eta dagoeneko oparoa den Landarbaso abesbatzaren garaipen zerrendari beste bat batu diote. Urrea, urrezko ahotsentzat, eta egiteko modu batentzat. Lana dago horren atzean, zalantzarik gabe, baina baita jarrera, egiteko modu zehatz bat, eta Maddalen Dorronsoro zuzendariak transmititzen duen musikarekiko pasioa.
2021ean hiru hamarkada bete zituen Landarbasok. HITZAk orduan egindako erreportajearen barruan, Kontari abesbatza ere izan zuten hizpide. Kontari abesbatzako haur eta gaztetxoak, 8 eta 15 urte artekoak dira, indartsu zetozela nabarmendu zuen orduan Dorronsorok: “Duela bost urte Landarbason jendea behar bagenuen kanpotik ekarri behar genuen. Gaur egun, badugu harrobia”. Harrobi hori hazteko eta hezteko moduak eta moduak daudela argi utzi zuen orduan, eta asteburuko garaipenak hori berretsi du: “Ez gara abesbatza bat bakarrik, eta hori transmititzen dugu. Ahotsa instrumentu bilakatuta beste kutsu bat ematen saiatzen gara egiten dugunari. Kontarin istorioak kantatuz kontatzen ditugu. Ahots teknika on batetik hasita, gorputz adierazpena, eta mezu garrantzitsuak, egunerokotik gertu direnak lantzen ditugu”.
Saria, zalantzarik gabe, istorioak kantatzen jarraitzeko bultzagarri izango dute. Bejondeiela.