Udaberriko zikloa zabalduko du EMKEk igandean
Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastoki estaliak hartuko du zikloaren lehen emanaldia, 12:30ean hasita, eta jai giroan egingo du.
Errenteriako Musika Kultur Elkarteak igandean zabalduko du udaberriko musika zikloa. Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastoki estaliak hartuko du zikloaren lehen emanaldia, 12:30ean hasita, eta jai giroan egingo du. Aitor Mitxelena ariko da zuzendari, eta kontzertua hasteko Julian eta Felix Lavilla Errenteria-Oreretako konpositoreen Talay Mendi lana aukeratu dute.
Igandeko kontzertuaren programazioa, berreskuratze historikoaren lanaren barruan kokatu du EMKEk. Urrats bat aurrera programaren barruan ari da berreskurapen lana egiten Musika banda. Duela lau urte jarri zuten martxan, eta “harribitxiak” topatzen ari direla nabarmendu dute: “Konpositoreen errepertorioari dagokionez ustekabeko aurkikuntzak egiten ari gara Lavmatarrekin adibidez. Hala nola, Errenderi, Neska Suite 4 mugimendutan, Junto a la Ermita edota Elena de Vergara ikusmolde modernoko zarzuelaren egileekin”. Euskal konpositoreen lanaren berrikuspena historikoan sakontzen jarraituko duela jakinarazi du EMKEk, “bai partiturak berreskuratu eta moldatu, bai partiturak aurkezten, programatu edota estreinatu”.
Kontzertu egitarauak jai giroaren barruko bidaian barneratuko dituela entzuleak esan dute azkenik. Besteak beste, Raimundo Sarriegiren Andre Madalen eta Baratzeko Pikuak, Perfecto Artolaren Beasain Festivo, edo Beatles eta Neil Diamond bezalako poparen klasiko handien doinuak entzuteko aukera izango da.