"Gaztetasuna eta eskarmentua" uztartzen dituen hautagaitza aurkeztu du EAJk
Errenteriarekiko "konpromisoa" xede, "talde anitza eta orekatua" osatu dutela esan du Muruak, "diziplina ezberdinetako eskarmentu handiko lan taldea", tartean, independenteak ere badirela nabarmendu du.
Udal hauteskundetarako osatu duen hautagaitza aurkeztu du gaur arratsaldean errenteriako EAJ-k. Elixabete Murua buru duen zerrendarako “gaztetasuna eta eskarmentua” uztartu dituztela esan dute jeltzaleek. Xenpelar Etxean egin duten aurkezpenean, EAJren alkategaiak eta Eider Mendoza Gipuzkoako Foru aldundirako hautagaiak hartu dute parte. Errenteriarekiko “konpromisoa” xede, “talde anitza eta orekatua” osatu dutela esan du Muruak, “diziplina ezberdinetako eskarmentu handiko lan taldea”, tartean, independenteak ere badirela nabarmendu du.
Hautagaitza sendoa dela jeltzaleena, eta herritarren interes orokorren defentsa zein zerbitzu publikoaren bokazioa izango direla euren udal ekintzaren ardatz azaldu du alkategaiak: “Politika egiteko modu berri bat indartuko duen proiektua garatu nahi dugu”.
Horren harira, gobernantza irekia eta elkarlanekoa aipatu du bi noranzkoa, herritar eta erakundeen artekoa, eta erakunde artekoa. Bi eremu horietan ezinbesteko jo du elkarlana Muruak, “etorkizunerako udalerri integratzaileagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko”.
Prestatu duten programaz ere hitz egin du Muruak: “Herritarren benetako beharrei erantzuten dien programa prestatu dugu, ekintza politikoa modu arduratsu eta eraikitzailean gauzatu behar dela sinesten dugulako”. Horren harira, gizarte zerbitzuak indartzea, auzoak biziberritzeko hirigintza inklusiboa eta prebentzioa garatzea, ekonomia zirkularrerako estrategiak aplikatzea, eta tokiko merkataritza eta ETEak laguntzea aipatu ditu. Neurriak proposatu ditu EAJk, halaber, bere programan, mugikortasun elektrifikatua eta iraunkorra sustatzeko, trafikoa eta segurtasun hobetzeko, baita ere gazteentzako aukerak sortzeko, “emantzipaziorako laguntza programa eta gazteentzako zuzkidura etxebizitzak medio”.
Eider Mendozak hartu du hitza ondoren. Herrialdearentzat jeltzaleek duten proiektuaz aritu da, eta mintzaldi amaieran Oarsoaldera begira jarri da: “Gure belaunaldiari dagokio datozen urteetan Errenteria, Oarsoaldea eta Gipuzkoa bultzatzen jarraitzeko erronkari aurre egitea, eta ilusioz eta indarrez hartzen dugun konpromisoa da”. Murua alkategaiaren gaitasunak nabarmendu ditu azkenik, eta lankidetzarako “konpromiso irmoa” erakutsi.
EAJren hautagaitza
- Elixabete Murua
- Jaione Franco
- Luis Mari Oiarbide
- Jacqueline Martínez
- Imanol Cidoncha
- Gemma Roteta
- Iñaki Olaizola
- Zuriñe Alijostes
- Josu Ormaetxea
- Marta Barea
- Ander Oiarbide
- Mirari Loinaz
- Juan Mari Iñiguez de Heredia
- Mari Asun Lopez
- Eñaut Otazo
- Rocío Sánchez
- Begoña Sarasola
- Maria Angeles Orbegozo
- Josu Mitxelena
- Jose Ignacio Irastorza
- Maite Peña
- Pilartxo Olaskoaga
- Josetxo Oliveri
- Nieves Jauregi.