Atxilotu bat Lezon Reala-Erroma partidan izandako istiluen harira
Lezokoaz gain, beste lau atxiloketa egin ditu Ertzaintzak. Desordena publikoak eta kalteak eragitea leporatu diete.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du bost pertsona atxilotu dituela Ertzaintzak, martxoaren 16an Reala eta Erroma futbol taldeen arteko partida hasi aurretik Donostiako Amaran izan ziren istiluen harira. Atxiloketetako bat Lezon izan da. Atzo (asteazkena) eman zuen atxiloketen berri Segurtasun Sailak.
Bost atxilotuak 27 eta 41 urtekoak dira. Lezoz gain, Donostian, Bergaran eta Durangon (Bizkaia) ere egin zituzten atxiloketak. Desordena publikoak eta kalteak eragitea leporatu diete.
Atxilotuak Ertzaintzaren egoitzara eraman zituzten polizia-eginbideekin jarraitzeko. Horiek bukatzean, Donostiako Guardiako Epaitegira eramango dituzte. Segurtasun Sailak zehaztu du polizia operazioa oraindik zabalik dagoela. “Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du inplikatu gehiago identifikatzeko”.