Bretainiara gonbidatu dute Albaolaren Juanita Larando patatxa
'Semaine du Golfe du Mor Bihan' topaketara gonbidatu dute Albaolako Nazioarteko Ontzigintza Eskolan eraikitako ontzia.
Pasaia eta Mobihan (Bretainia) bereizten dituen ia 500 miliako bidaia egingo du Albaolaren Juanita Larando patatxak, haizearen eta arraunen indarraz besterik ez, Semaine du Golfe du Mor Bihan topaketara gonbidatu baitute.
Festibalaren ardatza XX. mendean erabiltzeari utzi zitzaion belazko garraioa berreskuratzen laguntzea da; alegia, erregai fosilik erabili gabe zamak garraiatzea. Saiakera horrekin bat egingo du sanpedrotarren ontziak, XVIII. mendeko merkataritzarako ontzi txiki baten erreplika denak. Albaolako Nazioarteko Ontzigintza Eskolan eraiki zuten, gero emakume kortsario baten izena hartuko zuena.
Patatxak geldialdi bat egingo du bide erdian, Bordelen. Hilaren 23an, igandea, patatxaren sotoan garraiatutako sagardoaren zati bat portuan deskargatuko dute tripulatzaileek, bertan Sagardo Eguna ospatzeko asmoz. Egun batzuetara, Morbihanera (Bretainia) bidea hartuko du berriz belaontziak, sagardoarekin batera, Bordeleko ardoa ere jasota, Semaine du Golfera eramateko.
Azken geldialdia izango du hori Juanita Larandok, maiatzaren 15ean hasi eta 21era arte luzatuko den Semaine du Golfe erakustaldian. Hogei bat pertsonek osatutako patatxaren tripulazioa iristean, lehorretik bertaratutako Albaolako ordezkaritzarekin elkartuko da. Eduki dinamikoen bitartez itsas ondareari buruzko ezagutza hedatzea izango dute helburu, erakusketa batez gain, itsas jarduera tradizionalen erakustaldiak eginez.