[Erreportajea] Euskararen erabileran eragiteko, irizpideen gida
‘Lezo arnasgune bidean. Eskuliburua’ argitalpena aurkeztu berri du herriko Euskararen Herri Batzordeak. Euskararen erabileran eragitea du helburu, eta horretarako hainbat irizpide ematen ditu.
Lezon, euskararen erabilerak gorantz egin dezan euskarria aurkeztu berri du Euskararen Herri Batzordeak. Lezo arnasgune bidean. Eskuliburua izena du. Herriko kaleetan, eta ondorioz gune pribatuetan ere eragiteko euskarri fisikoa da, batez ere hizkuntza paisaian aldaketa bizkortzea asmo duena. Hizkuntza irizpideen eskuliburua da, eta esku artean izango duen eragile eta talde bakoitzari dagokio orain bertan jasotakoak aplikatzea. «Eragile horiek, gaurtik bertatik, euskararen erabilera areagotu nahi badute, bakoitzak berean nola eragin azaltzeko lana da», zehaztu dute Euskararen Herri Batzordeko ordezkariek. Herriko taldeei bakarrik ez: Lezon jarduerak egiten dituztenei ere zuzendutakoa da irizpideen eskuliburua.
Batzorde horretan herriko elkarte, talde eta eragileek; ikastetxeetako kideek; eta alderdi politikoetako ordezkariek parte hartzen dute. 2019-2023 agintaldiaren hasieran sortu zen, eta pandemiaren eraginez abiadura murriztu behar izan bazuen ere, azken asteetan martxa onean dela azaldu dute. Hilabete askoko lanaren ordaina izan da eskuliburua argitaratu ahal izatea.
Argitalpenaren oinarrian kezka bat dago: Lezon azken urteetan beherantz egin du euskararen kale erabilerak. Ez da pertzepzio hutsa. Soziolinguistika Klusterrak egindako neurketetan jasotako datuek hala diote. Hizkuntzaren herriko ezagutza %70 ingurukoa da, baina erabilerak ez du bat egiten horrekin: %30ean dago (2021ko datua da); 2019ko datuetatik, %2,6ean jaitsi da erabilera datu orokorra. Gazteen artean are baxuagoa da erabilera, %25 ingurukoa, nahiz eta haien ezagutzaren batez bestekotik gorakoa izan. Datu objektiboak eskuan, kezka sortu da herriko hainbat eragileren artean, eta Euskararen Herri Batzordearen bitartez, nahiz beste era askotara erabileran eragin nahian dabiltza lezoarrak. Erabileran eragin nahi dute, herria bertako hizkuntzaren arnasgune izan dadin.
Hizkuntza kudeatzeko irizpide errazak eskaintzen dira liburuan
Lezo arnasgune bidean. Eskuliburua ez da batzordeak egindako lan bakarra: euskara biziberritzeko egun dauden plan eta esku-hartzeen mapa ere egina dute, hizkuntza sustatzeko bidean eraginkorrak diren egitasmoak berrantolatu eta lehenesteko.
Eskuliburuan hizkuntza kudeatzeko irizpide errazak eskaintzen dira, edozein eragilek edo taldek aise aplikatzeko moduan azalduak. Hizkuntza paisaian, idatzizko komunikazioan, ahozko komunikazioan, kanpora begirako komunikazioetan, eta hizkuntza gaitasunean eragiteko irizpidean daude jasota. Adinaren araberako mailaketa egina dago argitalpenean, jakinda 18 urtetik beherako herritar gehien-gehienak euskararen jabe direla.
Banatzen ari dira
Jada hasi dira eskuliburuaren banaketarekin. «Ondo doa», zehaztu dute batzordekideek. Herritarrek, nahiz herritik kanpokoek —tartean inguruko hainbat udal— argitalpenaren gaineko interesa azaldu dutela jakinarazi dute, beraz, pozik daude gida izaten ari den harrerarekin.
Edonola ere, gehiago zabaldu nahi dute agiria, batez ere Lezoko herritarren artean. Paperezko alea nahi dutenek udaleko Euskara eta Kultura sailaren bulegotik (Donibane kalea, 2) pasa behar dute horren bila. Hara joan ezin daitezkeenek bi bide dituzte eskuratzeko: posta elektronikora mezua bidalita, edo Lezoko Udalaren webgunetik deskarga eginda.