"Herri bizi baten alde" egingo duen zerrenda aurkeztu du EH Bilduk
Izen berri asko dakartzan hogei laguneko hautagaitza aurkeztu dute. Zerrendaburu izatetik ohorezko postura igaro da, kasu, Junkal Mintegia.
Pasaiako EH Bilduk maiatzeko udal hauteskundeetarako osatu duen hautagaitza aurkeztu du gaur arratsaldean. Hitzordua 19:00etan San Pedroko Torrean eginda bazuten ere, eguratsa ez dute aldeko izan, eta euriak behartuta Antxetara lekualdatu behar izan dute ekitaldia.
Bertara hurbildutako hamarka lagunen artean asko izan dira elkartera sartzea erabaki dutenak, eta besteren batek kanpotik entzun ditu koalizio soberanistako kideen konpromisoak.
Mikel Goñi Larrea bilkideak ireki du ekitaldia esanez osaturiko zerrenda ospatu egin behar dela. “Ospatzen dugu jende konprometitua eta anbizio handikoa badela herri honetan. Antxo, Trintxerpe, Donibane eta San Pedron bizi diren bizilagunak”, mintzatu da. Hautagaitza osatzen duten hogei izen-abizenak atzekoz aurrera zerrendatu ditu jarraian Goñik, ohorezko postuan Junkal Mintegia eta zerrendaburu Teo Alberro izanik. Lehen postuetan, izen berri asko.
Goñiren ondotik hitza hartu du Laura Re Lozano antxotarrak —zerrendan laugarren—. Murtziatik (Espainia) 2018an heldu zen Pasaiara, AEKn bertako hizkuntza ikasten hasi eta ordutik euskaraz bizi dela harrotasunez esan du. “Pasaitarrok, bertan jaiotakoek nahiz bertara etorri garenok, misio bat dugu: Pasaia denon herria izatea, eta denok hori horrela sentitzea, niri sentiarazi didazuen moduan”. Hurrengo legegintzaldian politika feministak izango ditu ardatz Reren militantziak.
Alberrok hartu du ondoren hitza, eta antxotarrak esandakoen bidetik errepikatu du maiatzaren 28ko hauteskundeetan bi aukera besterik ez dituztela pasaitarrek: “Herritarren beharrak alde batera uzten dituen eta erabakiak Pasaiatik kanpo hartzen dituen konbenientziazko matrimonioarena, alegia, PSE eta EAJrena, edo Pasaiak behar eta nahi dituen proiektuak elkarlanean garatuko dituenaren alternatiba; eta hori geurea da”.
Zerrenda osatzen duten pasaitarrek “herria bizi eta sentitzen” dutela baietsi du alkategaiak, eta horretxegatik baieztatu dutela euren konpromisoa datorren legegintzaldirako. “Gure herriaren alde aurrerapauso bat egitea erabaki dugu, eta geure burua eskaini EH Bilduk Pasaiarako duen proiektua osatzeko. Geurea, herri bizi baten aldeko apustua da”.
Jarraian, datozen hauteskundeetarako Pasaiako EH Bilduk aurkezturiko hautagaitza:
1. Teo Alberro Bilbao
Trintxerpe. Finantza sektoreko langilea eta irakasle ohia. Urte askoan Herri Ametsa ikastolako lehendakaria izan da eta egun Piña Kurdin elkarteko diruzaina da.
2 – Aintzane Taberna Ezkurra
Donibane. Langile soziosanitarioa. San Pedroko egoitzan eta etxez etxeko zerbitzuan aritu da lanean.
3 – Iraitz Pazos Lapido
Trintxerpe. Ingeniari mekanikoko ikasketak. 2019-2023 agintaldian EH Bilduren bozeramailea izan da. Trintxerpeko elkarte mugimenduko eta jai batzordeko kide aktiboa da.
4 – Laura Re Lozano
Antxo. Ikus-entzuneko komunikatzailea. Murtziatik etorri zen Pasaiara 2018an eta euskaldun berria da. EHko Mugimendu Feministako partaidea eta beste hamaika mugimendu sozial eta politikoko kidea da.
5 – Miguel Mari Torrea Etxabe
San Pedro. Irakaslea eta errealizadorea. 2014-15ean udal gobernuko kidea izan zen eta 2015-19 agintaldiko zerrendaburua izan zen; momentu honetan zinegotzia da. San Pedroko LGBT+ mugimenduko ekintzailea da.
6 – Aitor Brion Barneto
Antxo. Abokatua.
7 – Natitxu Etxarri Aizkorreta
Donibane. Jubilatua. Urte askoan ostalaritzan lanetan aritu da.
8 – Amaia Muguruza Arregi
San Pedro. Irakaslea.
9 – Mikel Garcia Peñil
Antxo. Jubilatua. Ezinduen zaintzailea eta LAB sindikatuko ordezkaria izan da Uliazpi fundazioan urte luzez. Azken bi agintalditan zinegotzia izan da Pasaian.
10 – Mari Luz Etxaniz Rojo
Trintxerpe. Margolaria. Trintxerpeko hamaika herri- eta kultur-elkarteko kidea da eta Karmengo Amako DBH batzordeko eta guraso-elkarteko kide ohia.
11 – Miren Murua Arrizabalaga
San Pedro. Ingeniari industriala.
12 – Joanes Bereziartua Zurutuza
San Pedro. Irakaslea.
13 – Gotzone Goienetxea Goikoetxea
Donibane.
14 – Ander Arrieta Mariño
Antxo. Gizarte langilea.
15 – Iñigo Beraza Iglesias
San Pedro.
16 – Ainhoa Calvo Maneiro
Donibane. Irakaslea.
17 – Ramontxo Illarregi Elberdin
Trintxerpe. Operarioa.
18 – Garazi Eizagirre Sagarzazu
Donibane.
19 – Josema Elizazu Indakoetxea
San Pedro. Zinegotzi ohia, eta herrian aski ezaguna.
20 – Junkal Mintegia Arregi
Antxo. Kultura dinamizatzailea. 2019ko EH Bilduren zerrendaburua izan zen eta Antxoko Gure Esku Dago dinamikan eta Amaia eta Ikerren babes taldean aritua da.