Kurkubiren gizonen taldea, igoeraren bila
Gipuzkoako Bigarren Mailar igotzeko kanporaketetako lehen partida etzi jokatuko du gizonen taldeak, Bekoerrotan.
Asteburu honetan hasiko du Yesilan Kurkubi Lezoskt taldeak Gipuzkoako Bigarren Mailara igotzeko play-offetako bidea. Lezoko saskibaloi klubaren gizonen seniorren taldea da. Final-laurdenetako norgehiagoka etzi izango du, 11:45ean, Bekoerrota kiroldegian: Oñatiko Aloña Mendi izang0 dute aurrez aurre. Kurkubik Gipuzkoako Hirugarren Mailako 2. multzoko lider bezala bukatu zuen liga, 18 partida jokatu eta denak irabazita; oñatiarrak 1. multzoko laugarren izan ziren 13-5 balantzearekin.
Igotzeko hautagai oso sendoa da Lezoko taldea. Ligan partida guztiak erraz irabazi ditu, eta sorpresa litzateke finalerdietarako jauzia ez egitea. Igandekoa irabazita, finalen aurrekoa maiatzaren 7ko asteburuan izango luke Kurkubik, eta finalerako postu bat eskuratuko balu, maiatzaren 14ko asteburua izango litzateke loria besarkatzeko unea. Finalera iristen diren bi taldeek, eta hirugarren izango denak bere egingo dute 2023-2024 sasoian Gipuzkoako Bigarren Mailan jokatzeko eskubidea.
Bestalde, Kurkubiren neska kadeteek ere mailaz igotzeko aukera sendoa dute. Euren ligako bigarren postuan dira egun, hori bukatzeko lau partida jokatzeke dituztenean. Etzi dute hurrengo partida Biko Asesoria Kurkubi Lezoskt taldekoek: Takeren bisita jasoko dute, 09:45ean, Bekoerrotan. Beraz, etzi, herriko kiroldegian goi mailako saskibaloiaz gozatzeko aukera izango da.