Tabernetako ahots zaharrak oholtzaratuko dituzte Meipin
Hamar kantu zahar berreskuratu ditu sanjuandar talde batek, eta ‘Txikitoen ahotsak’ ikuskizunaren bitartez herriari bueltatuko dizkiote bihar.
Hilabeteak joan dira, ia urtebete inguru, Ina eta Josu Goikoetxea anai sanjuandarrak herriko kanten ondarea berreskuratzeko asmoz lanean hasi zirenetik. Donibaneko aiton-amonekin elkartuta, garai bateko txikiteroek tabernetan abesten zituzten doinu eta letrak berreskuratu, osatu eta jasotzeari ekin zioten. Orduko horretan esan izan baliete ez lukete sinetsiko, ordea, hamar kantu zaharren bilduma hori ikuskizun eta egun osoko jaialdi bilakatuko zela aurrerago.
Agertoki aproposenean egin zuten bat Goikoetxeatarrek Meipiko Jai Batzordeko zenbait kiderekin: Donibaneko tabernetako batean. Kasualitatez elkartu ziren bertan, eta, gai baten eta bestearen artean, egiten ari ziren errekuperazio lanaren berri eman zieten herrikideei. Argi izan zuten jai batzordekoek, hasieran liburuxka forma hartuko zuen ondare hori, lau haizetara zabaldu behar zela nola edo hala. Oholtzan berpiztu.
«Hortik gutxira deitu gintuzten Javi Bitxus [Ruiz], Javi Carrasko eta ni», azaldu du aurkezle lanak egingo dituen Luisma Laboak. Lehen biak buru eta bihotz murgildu ziren orduan eszenografia lanetan, eta Laboaren arabera azken urritik egunera arteko asteburu eta jaiegun guztiak eman dituzte horretan.
Antzinako taberna bat
Antzezlekuaren dekorazio eta diseinuarekin antzinako taberna bat irudikatu dute izenkideek. «Izugarria da, kristoren lana hartu dute eta ederra da sortu dutena», mintzatu da Laboa. Ikuskizunaren gidaritzaren arduradunak ikusi du, beraz, eszenografia, baina spoilerrik ez diete egin nahi izan diseinatzaileek gainontzekoei: «Detaile guztiak ez dizkigute esan ezta erakutsi ere. Esate baterako, tabernak zein izen izango duen ez digute aurreratu».
Agertoki ahalik eta errealistena sortzeko, herriko tabernen apaingarri zaharrak erabiliko dituzte. «Miresteko moduko eszenografia sortu dute», ziurtatu du aurkezleak.
Oholtza aire zabalean ezarriko dute, Meipiko plazan. Ez da, beraz, sarrerarik hartu beharko 21:00etan hasiko den obrarekin gozatua hartzera hurbiltzeko; aski izango da bertan izango diren aulkietako batean esertzearekin. Aire libreko lanak dakartzan arriskuekin daude, hain zuzen, kezkatuta antolatzaileak: «Zintzo hitz eginda, uneoro gabiltza eguraldiari begira. Espero dugu, lainoekin bada ere, euririk ez egitea».
Hamar kantu zahar
Arestian aipatu bezala, hamar kantu zahar berreskuratu dituzte, eta horiek interpretatuko dituzte sei ahots eta musikariek bihar gauean, Txikitoen ahotsak ikuskizunarekin: Bodeguero, Junto a la barra, Los bohemios sanjuandarras, En un pueblo francés, Genoveva, An que no asiertas, Silencio, Whisky para mí, Veleta eta Bitxintxo. «Melodia batzuk ezagunak dira, letrak ez. Inak [Goikoetxea] egin ditu moldaketak, eta hura izan da musikarien arduraduna. Sei lagunen taldetxo bat sortu du, herrikoak edo gertukoak, eta hark eta beste seiek landu dute ikuskizunaren atal musikatua», Laboak.
Berreskuraturiko denak gaztelaniazko abestiak dira, Francoren diktadurak herrigintzan izandako eraginagatik. Hain zuzen, debekaturiko euskarari gorazarre egiteko, eurek berreskuratutakoak ez badira ere, «denontzako ezagunak diren abesti euskaldunak» ere interpretatuko dituzte biharko emanaldian.
Zaharberrituriko kantak liburuxka batean jaso dituzte, eta horiek ikusleei banatuko dizkiete bihar iluntzean. Eguzkia desagertu eta emanaldirako aulkietan eseri baino lehen, baina, izango dute zerekin bete eguna sanjuandarrek, «egun osoko jaialdia» antolatu baitute.
11:00etatik aurrera, barrutia musika taldeek hartuko dute. 19:00etan Lintxua dantza taldeak emanaldia eskainiko du, eta ordu erdi geroago sardina jana prestatuko du Komando Zurito talde herrikoiak (egitarau osoa hemen topa daiteke).
Gonbidapen zabala egin du Laboak: «Kanta horiek sanjuandarren nortasunaren isla dira. Galtzear zeuden letrak ezagutarazi, herriko adinekoak omendu eta herritik kanpo bizi diren guztiei aipua egin nahi diegu. Hurbildu bihar!».