Jesus Mari Martiarena: "Asko egin da, asko dugu egiteko"
Lezoko EAJk maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako zerrenda aurkeztu du gaur. Eider Mendoza ahaldun nagusi izateko hautagaia izan dute alboan.
Lezoko EAJk gaur aurkeztu du maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako prestatu duen hautagaien zerrenda. Jakina zen Jesus Mari Martiarena izango zela berriz ere alkategaia, eta gaurkoan, haren segidan izango direnen berri eman dute Kultur Aretoan egindako ekitaldian. Martiarenaz gain, Laura Martinez zerrendako bigarrenak eta Eider Mendoza EAJren ahaldun nagusi izateko hautagaiak hartu dute hitza.
Martiarenak azaldu du azken bi agintaldietan Lezori “buelta”eman diotela: “Lezoarrei esker, Lezo hobea eraikitzen ari gara alkatetzatik eta udaletik. Arazo zena herria hobetzeko aukera bezala baliatu dugu. Asko egin dugu, baina asko dugu egiteko. Lezo aurrera eta bide onetik doa, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu. Horretarako, lezoarren laguntza eta konfiantza behar ditugu. Lezoarren babesa izan dugu, eta ziur aurrera begira ere horrela izango dela. Lezoarrek asko espero dute gutaz”.
Martinezek sakonago azaldu du Lezoko EAJren hautagaitzaren proposamena zein den. Adierazi du gizarte babesean, ekonomiaren garapenean eta ongizatean jarrita dutela azpimarra. “Oparoa ekonomikoki, abegitsua eta eskuzabala, herritar guztien ongizateaz arduratua, kulturalki bizia, euskaltzalea, berdinzalea eta aldaketa klimatikoaren erronkari erantzun nahi diona. Hau da gauzatzen ari garena”. Xehetasunak eman ditu, esanaz Arraitoki herriarentzat “lortu” dutela “bertan gizarte proiektuak bultzatzeko”, auzoak berritzeko konpromisoa dutela, gazteentzako etxebizitzak bultzatuko dituztela, osasun azpiegitura berriak izango dituela herriak “hala nola anbulatorioa”, aparkalekuaren “arazoari aurre” egingo diotela, eta pertsonei lagunduko dietela “gizarte zerbitzuak sendotuz”. Lurraldea eta ingurunea hobetzeko konpromisoa ere jaso dute jeltzaleek. “Hauek dira gure nahiak, gure egitasmoak. Horietaz hitz egiteko aukera izango dugu datozen asteetan. Lezori emanak gara. Gogoz, ilusioz eta arduraz eusten diogu erronkari. Uste dugu horrek jarraipena behar duela”.
“Herrian, eta herritarrekin ari gara lanean. Proiektuak eta eguneroko kudeaketa eskaintzen ditugu etenik gabeko entzunean oinarrituta. Gauza nagusiei eta xeheagoei erantzutera konprometitzen gara. Esan, eta egiten dugu. Ez dugu alferrik agintzen. Hau da gure proposamena”, esan du Martinezek.
Eider Mendoza
Ahaldun nagusi izateko hautagaiak, Eider Mendozak, adierazi du Lezoko EAJri buruz kontzeptu bat nabarmendu nahi duela: “Konpromisoa”. Hori adierazteko datua eman du: “Herri guztietan aurkezten diren EAJren hautagai denek herrigintzaren gaineko konpromiso sendoa dute. Geure buruaz harago ikusteko gaitasuna dugu. Baina Lezoko kasua nabarmendu nahiko nuke: Jesus Mari [Martiarena] izan da azken legealdian, Gipuzkoako Foru Aldundian lanean izan naizen heinean, aldundira gehien deitu duen alkatea. Konpromiso sendoa du herriarekiko. Bere denbora guztia eskaini dio herriari. Konpromiso hori eskertu nahi diot zintzoki Jesus Mariri eta bere lantaldeari, eta etorkizunari begira berarekin batera aurkezten diren guztiei”.
Mendozak aipatu du, herrialderako jauzia eginez, “Gipuzkoak aurrera egiteko oinarri sendoak” dituela: “Ekonomia sendoa du. Berrikuntzan asko inbertitzen da —”Europako puntan gaude”—, desberdinkeriei dagokienez ere Europako datu onenak ditugu… Oinarri horiek badauzkagu, baina hortik harago Gipuzkoako EAJtik nabarmendu nahi dugu, oinarri sendoak ditugula, baina zubigintzan adituak eta arituak garela. Konpromiso eta gaitasun handiko jendea dugu. Badugu talentua, eta esperientzia zubigintzan gainontzeko erakundeekin batera eta herritarrekin batera etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.
Hala, Martiarenak aldundira egindako deiak lotu ditu Lezoko egungo alkateak herriarekiko duen konpromisoarekin: “Herritarrei laguntzea izan du helburu koordinazio maila handi bat bilatuz. Elkar laguntzea izan du helburu. Elkar ulertu behar dugu herri hau aurrera ateratzeko Hori da EAJren jarrera Lezon, Oarsoaldean eta Gipuzkoan. Gure jarrera eraikitzailea da, ezezkoaren aurrean dauden horiekin alderatuta, jarrera eraikitzailea dugu, proposamen argiak jartzen ditugu mahai gainean Elkarrekin egingo dugu aurrera”.
Honakoa da Lezoko EAJren maiatzaren 28 udal hauteskundeetarako hautagaien zerrenda:
- 1. Jesus Mari Martiarena Jaka.
- 2. Laura Martinez Vizuete.
- 3. Juan Luis Urkizu Urretabizkaia.
- 4. Alaitz De La Maza Falque.
- 5 . Irlentz Ortega Ugalde.
- 6. Ion Pombar Hospitaler.
- 7. Laura Muñoz Aguado.
- 8. Marina German Luengo.
- 9. Jacinto Giraldes Pravos.
- 10. Noemi Arbera Oses.
- 11. Jorge Gutierrez Garcia.
- 12. Irune Zabaleta Pikabea.
- 13. Angel Maria Errasti Sarasa.
- 14. Alfredo De La Puente Pagola.
- 15. Enrique Figueroa Laboa.