Maiatzaren Lehenean, Dantzari Txiki Eguna
Ereintza Dantza Taldearen kultur jardueraren 32. ekitaldia izango da. 380 bat dantzari txiki izango dira herrian.
Maiatzaren Lehenean, astelehenean, egingo dute 32.enez Errenteria-Oreretako Dantzari Txiki Eguna. Ereintza Dantza Taldearen esku dago aurtengoan ere dantzarien jaiaren antolaketa lana, baina Herri Arte Eskolaren nahiz Errenteriako Udalaren ezinbesteko laguntza izango dute den-dena aurrera ateratzeko. Antolatzaileek esker bereziak eman dizkiete Super Amara saltokiari eta herriko elkarteei, emango duten laguntzagatik: eguneko bazkariak Errenteria-Oreretako elkarte gastronomikoetan egingo dituzte.
Ereintzatik iragarri dute orotara 380 bat dantzari izango direla herrian astelehenean. Herrikoak, eta kanpokoak. Hala, Herri Arte Eskolako dantzariez gain, Lezoko, Oiartzungo, Trintxerpeko, Hondarribiko, Beasaingo, Zumaiako, Usurbilgo, Tolosako, Urretxuko eta Uztaritzeko (Lapurdi) dantzariek parte hartuko dute egunean. Horiez gain Zubietako (Nafarroa) joaldunen joan-etorriak ere izango dira herrian.
Herriko elkarteengatik ez balitz, zail litzateke eguna aurrera ateratzea, goizeko eta arratsaldeko ekitaldiak baitaude. Tartean, bazkariak. Honako elkarteetan izango dituzte otorduak parte hartzaileek: Txepetxa, Alkartasuna, Amulleta, Txintxarri, Landare, Gau Txori, Hibaika, Niessen, Gure Toki eta Orereta Ikastolaren egoitzan.
“Zinez, laguntzaile den-denei eskerrak eman nahi dizkiegu. Gora gure kultura!”, adierazi dute Ereintzako kideek.
Honakoa da eguneko egitaraua:
- 10:45ean, taldeen kontzentrazioa Koldo Mitxelena plazan.
- 11:00etan, hamaiketakoa.
- 11:30-11:45, Agurra, Zazpi jauzi, eta desfilearen hasiera.
- 12:00etan, herriko hainbat plazatan dantza taldeen emanaldiak. Ondoren Gamon Zumardira joango dira talde guztiak han 2-3 dantza eskaintzeko.
- 14:00etan, dantzarien bazkaria herriko elkarteetan.
- 16:30ean, arratsaldeko dantzaldiaren hasiera Gamon Zumardian. Modestok hartuko du lekukoa ondoren.