Hainbat aparkaleku gaituko ditu udalak Alabergan auzotarren eskaerei erantzuteko
Hainbat neurri hartuko ditu udalak aparkalekuen eskuragarritasuna hobetzeko Arditurri auzo elkartetik egindako eskaerari erantzunez, topoko lanek dirauten bitartean.
Topoa lurperatzeko lanak direla eta, Alabergako aparkaleku kopurua murriztu zen iaz eta bizilagunei eragindako kalteak arintzeko, 54 plazako behin behineko gaueko aparkalekua egokitu zuen udalak Alaberga auzoko garajeen gaineko plazan. Orain, beste hainbat neurri hartuko ditu udalak aparkalekuen eskuragarritasuna hobetzeko Arditurri auzo elkartetik egindako eskaerari erantzunez.
Hala, aldi baterako, eta Topoaren lurperatze lanak amaitu arte Alaberga auzoko 32 eta 35 zenbakien artean dagoen kirolgunean kokatutako aparkalekuak TAO aparkaleku arautu gisa gaituko ditu udalak, 4. eremuari dagozkionak. Aparkaleku horiek gaueko aparkaleku gisa araututa daude egun, eta aldaketa berriarekin 24 ordukoak izango dira.
Neurri horiek guztiak maiatzaren 2an, asteartea, jarriko ditu indarrean udalak.
TAO aparkaleku arautu bihurtuko dira, halaber, Agrupacion Taurina Hermanos Camino elkartearen egoitzaren ondoan daudenak. Horrekin batera, Alaberga auzoko 33, 34, 35, 36, 37 zenbakietako bizilagunak TAOko 4. gunean sartuko dira eta egoiliar txartela eskuratu ahal izango dute. Izapide hori online zein Zu! Zure Udala arreta zerbitzuan egin dezakete. Horretarako eskaera orria eredu normalizatua, NANa, titularraren edo erabiltzailearen gida baimena eta ibilgailuaren zirkulazio baimena aurkeztu beharko dute.