Irtera talde pasaitarrak kontzertua eskainiko du Donibanen
Bi trintxerpetar eta bi donostiarrek osaturiko taldeak ostiral honetan eskainiko du kontzertua, Bixi-Bixik kudeatzen duen Kultur Aterpean.
Trintxerpe eta Donostiako musikariek osatutako Irtera taldeak kontzertua eskainiko du datorren ostiralean, hilak 28, Donibaneko Kultur Aterpean. Bixi-Bixik antolaturiko emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrera librea izango da.
Lau dira Irtera osatzen duten lagunak, pasaitarrak bi eta donostiarrak beste bi; Joseba Piñeiro (gitarra eta ahotsak) eta Iñaki Perez (baxua eta ahotsak) trintxerpetarrak dira, zehatzago esanda. Ahots nagusia Saioa Sese abeslariarena da, eta laugarrena Gorka Daguerressar da, bateria.
2021an hasi zuen Irterak ibilbidea, eta urte horretan bertan kontzertua eman zuten Trintxerpen, Korkoiburuek gonbidatuta. Ostiralekoa, beraz, herrian eskainiko duten bigarren kontzertua izango da. Bizilagunei gonbidapen irekia egin diete, musikaz gozatzera hurbil daitezen.