Trafiko aldaketak, datozen egunotan, Donibane eta Trintxerpen
Ostegunean, Bidasoa Itzuliagatik, Donibaneko sarrera itxiko dute. Larunbatean, berriz, Inude eta artzainek moztuko dute Euskadi etorbidea.
Datorren astean herrian izango diren bi trafiko aldaketen berri eman du Pasaiako Udaltzaingoak. Lehena ostegun arratsaldean izango da, eta sanjuandarrei eragingo die bereziki; bigarrena, larunbat goizean, eta Trintxerpe eta San Pedron bizi direnengan izango du eragina.
2023ko Bidasoa Itzulia dela eta, datorren ostegunean, maiatzak 4, Donibaneko irteera itxita izango da 16:30etik 17:30era bitarte. Txirrindularitza proba Jaizkibelera igotzeko bidegurutzetik igaroko denez gero, barrutira sarrera itxi ez ezik, mendira igoera ere debekatuta egongo da ibilgailuentzat, txirrindulariak zonaldetik igaro bitarte.
Maiatzaren 6an, berriz, (larunbata) Inude eta artzainen desfileagatik, Euskadi etorbidea erabat moztuko dutela jakinarazi dute agenteek, 11:00etatik 14:00etara. Gainera, ordutegi berean kalejira bat igaroko da ondoko kaleetan barrena: Serafin Esnaola, Euskadi etorbidea, Jaizkibel, Azkuene, Euskadi etorbidea, eta Gudari plaza. Horren ondorioz auto ilarak sor litezkeela ohartarazi dute.