Liburu Ibiltariari ekarpena egin diote Haurtzaroko ikasleek
Euskal Herri osoko zenbait ikasleren artean istorio bakarra sortzen ari dira. Haurtzaroko DBH 3koek egin diote jada ekarpena kontakizunari.
Euskal Herriko zazpi probintzietan barrena bidaian dabil Liburu Ibiltaria, Herri Urrats, Nafarroa Oinez, Kilometroak, Ibilaldia eta Araba Euskaraz dinamiken antolatzaile diren ikastolek martxan jarritako proiektua. Azken geldialdia Oiartzungo Haurtzaro ikastolan egin du liburuxkak.
Liburua jauzika dabil Euskal Herriko ikastolaz ikastola, eta bakoitzean ikasleek ekarpena egingo diote —letra nahiz marrazki bidez— Jose Ramon pertsonaia protagonista duen kontakizunari. Oraingoz idatzita dagoenaren arabera, gaztelaniaz egin nahi ez izateagatik espetxeratu zuten mutil ondarrutarra da Jose Ramon.
Ondarroako Zubi Zahar herri ikastolak hasi du aurten istorioa. Haurtzaron DBH 3ko ikasleek jaso dituzte Jose Ramonen bizipenak, eta istorioak haiei esker bere bidea egin duen moduan, Liburu Ibiltariak ere bere bidea jarraitu du. Zazpi probintziak zeharkatuta, ibilbidea Etxarri Aranatzeko Andra Mari ikastolan bukatuko du.